AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/20 12:10

Beste beto politiko baten berri eman du Mugimendu Sozialistak, oraingoan, Deustun (Bilbo, Bizkaia). Deustuko Jai Batzordean parte hartzea, eta, beraz, Deustuko festetan txosna bat jartzea debekatu diote Gazte Koordinadora Sozialistari, Ezker Abertzalearen ekimenez.

Bilboko GKSk azaldu du duela lau hilabete egin zuela Deustuko Jai Batzordean parte hartzeko eskaera, baina ez zuela erantzunik jaso eskaera hainbatetan egin arte. Jaso zuen erantzuna, gainera, honakoa izan zen: erabakia atzeratuko zuela esan zien GKSko kideei Jai Batzordeak, "jaien prestaketaren ondorioz".

"Hilabete hauetan guztietan erantzun zuzenik eman ez, eta bitartean, Ezker Abertzaleak gure aurkako difamazio kanpaina areagotu du Deustun. Gezurretan eta sentipen pertsonaletan oinarritutako argudioak sistematikoki zabaldu dituzte Jai Batzordearen erabakia baldintzatzeko eta auzoan beto politikoa justifikatzeko", diote GKSko kideek. GKSk egindako eskaerari buruzko erabakia aurreko ostiralean hartu zuen berez Jai Batzordeak, baina oraindik ez diote ebazpena modu ofizialean jakinarazi.

Oraingoan ere, difamazioan oinarritutako justifikazioa

Bilboko GKSk argitu duenez, Ezker Abertzaleak "hiru arrazoi" hartu ditu oinarri modura GKS Jai Batzordetik kanpo uzteko:

  1. GKSk "Mugimendu Feministaren aurkako jarduna" duela. "Adierazpen horrekin iradoki nahi dutena da ez dugula indarkeria matxistaren eta emakumeon zapalkuntzaren aurkako posiziorik, eta hori guztiz faltsua da. Mugimendu Sozialistatik egunero ari gara lanean matxismoaren aurka eta emakume langileon askapenaren alde", aldarrikatu dute Bilboko GKSko kideek: "Desadostasun politikoa dugu feminismo hegemonikoak emakumeon askapenerako proposatzen duen eta Ezker Abertzaleak bere egiten duen planteamendu partikularrarekin, eta hori zilegi da. Kritika politikoa eraso gisa aurkeztu nahi dute, eta era interesatuan.
  2. GKSk "mesfidantza eragiten" duela eta militanteak "gatazkatsuak" direla. "Argudio hori sentipen pertsonaletan baino ez da oinarritzen", salatu dute GKSko kideek. "Duela hiru urte hasi ginen GKStik Deustun lan politiko eta soziala garatzen. Urte hauetan zehar hainbat ekimen propio antolatu ditugu eta auzoko espazio irekietan parte hartu dugu: esaterako, gaztetxeko asanbladan, Gazte Egunen prestaketan, baita jaien antolaketan bertan ere. Une oro izan dugu errespetuzko jarrera bat gainontzeko eragileekiko", gaineratu dute.
  3. GKSk "Jai Batzordearen funtzionamendua oztopatuko" duela. Horren aurrean, GKSko kideek gogorarazi dute Bilboko hainbat batzordetan hartzen dutela parte; hain zuzen, Atxurin, Errekalden, Iralan eta San Inazion. "Batzordeen jarduna oztopatzetik urrun, lan militantez auzo horietako jaiak aurrera ateratzeko ekarpena egiten dugu", diote.

Bilboko GKSk nabarmendu du, Deustun ere, "Euskal Herriko beste hainbat herri eta auzotan bezala, Mugimendu Sozialista espazio publikotik kanporatzeko eta txosna jartzeko eskubidea ezabatzeko hautua egin" duela Ezker Abertzaleak. Horretarako, "difamazio kanpaina bat bultzatu" zein "giroa tentsionatu" du, "militanteon bazterketa soziala helburu duten seinalamendu pertsonalak barne".

"Ezker Abertzalearekiko era independentean antolatu eta beste planteamendu politiko bat izateagatik, Jai Batzordean sartzeko eta txosna jartzeko eskubidea ukatzen ari zaie Deustuko hainbat auzokideri eta inolako finantzazio instituzionalik ez duen eragile bati", GKSko kideek ohartarazi dutenez. Hori "espazio publikoaren pribatizazio alderdikoi" baten adibide dela seinalatu dute, gainera. "Oraingo honetan GKS izaten ari da kaltetutako taldea, baina etorkizunean beste edozein eragile politiko independente ere izan daiteke".

Deia Ezker Abertzaleari

Ezker Abertzaleari zuzendu zaio Bilboko GKS, eta dei egin dio militante sozialisten aurkako "difamazioak eten ditzan", nahiz Jai Batzordean haien "sarbidea oztopatzeari utz diezaion". "Gure jardunaren defentsan, lanean jarraituko dugu beste eragileek dituzten baldintza berberetan Jai Batzordean parte hartzeko eta txosna jartzeko eskubidea bermatzen zaigun arte".

Ugariak izaten ari dira Euskal Herrian Mugimendu Sozialistari txosnaguneetan jartzen ari zaizkion beto politikoak. Orain arte, Lazkaoko (Gipuzkoa), Gasteizko (Araba), Hernaniko (Gipuzkoa) zein Lesakako (Nafarroa) kasuak atera dira argitara.

EZ DAGO IRUZKINIK