Beste urte batez, Ezker Abertzaleak beto politikoa jarri dio Mugimendu Sozialistari Deustun (Bilbo, Bizkaia). Izan ere, Deustuko Jai Batzordean eta auzoko festetan parte hartzea debekatu dio Bilboko Gazte Koordinadora Sozialistari, 2022an ezarritako beto politikoa mantenduta.
Ezker Abertzaleak GKSren parte-hartzeari jarritako debekua zela-eta, Deustun iaz jarri zuten martxan Deustuko jaiak denontzat dinamika, auzoko kolektibo eta pertsona ugariren babesarekin. Oinarri argi bat dauka dinamikak: "auzoko eragileek Jai Batzordean baldintza berdinetan parte hartzeko" daukaten eskubidea defendatzea eta horren alde jardutea. Iazko martxoaren 18an, esaterako, beto politikoaren aurkako mobilizazio bat egin zuten Deustun.
"Independenteki antolatutako jai-ereduaren alde egiten dugu, irabazi-asmorik gabeko auzoko kolektiboek antolatutakoa eta bultzatutakoa", azaldu dute berriki dinamikako kideek: "Jai-eredu zabala, politikoki eta sozialki anitza eta parte-hartzailea aldarrikatzen dugu, zapalkuntza eta eraso mota orori aurre egingo diena". Salatu dute, baina, gaur egun ez dagoela "horretarako aukerarik Deustuko jaietan": Ezker Abertzaleak mantendu egiten du GKSren kontrako beto politikoa, "eta ez du inolako borondaterik erakutsi egoerari irtenbidea emateko".
Egitarau propioa hilaren 22rako eta 23rako
"Debekuak dirauen bitartean, Deustuko jaietan parte hartzeko eskubidea defendatzen jarraituko dugu eta lan egingo dugu auzoko jaietan espazio zabalak bermatzeko", aldarrikatu du Deustuko jaiak denontzat-ek. Hala, auzoko jaien barruan, egitarau propio bat antolatu du martxoaren 22rako eta 23rako, "ekimen ezberdinen bidez, jaietan parte hartzeko aukera bermatzeko eta aldarrikatzeko".
Hilaren 22an, ostiralean, auzoko hiru tabernatan prestatu dituzte musika emanaldiak: 20:30ean hasita arituko dira Malen eta Katalin musikariak eta Mereketenge DJa; Noiz, La Logia eta Izeki tabernetan. Hurrengo egunean, berriz, egun osoko egitaraua izango dute: 13:00etan pintxada Oskarbi eta Madariaga tabernetan, 15:00etan bazkari bat, horren ostean Sama Siku Fanfarre txarangaren emanaldia, eta rap showcase saio bat iluntzean. Little Martin Selektah, Arrano Pertxa, Martin Zikuta eta Zoroen Kluba arituko dira, hain zuzen ere. Gauean, Ballon Frame rap-taldeak emango du kontzertua, eta zenbait DJek jarraituko dute gaua girotzen horren ondoren.