AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/13 11:34

Espainiako Estatuko desokupazio-enpresen inguruko ikerketa-sorta bat abiatu du Sistema 161 kolektiboak, eta, lehen artikuluan, enpresa horietan faxistek duten presentzia aztertu du. 2023tik 2024ko urrira bitartean desalojoak gauzatu dituzten 50 desokupazio-enpresa ikertu ditu, eta nabarmena da ideologia faxistaren nagusitasuna: desokupa taldeen %40k baino gehiagok dituzte zuzenean faxistatzat jotako kideak beren lerroetan. Eskuin muturrarekiko "afinitatea" duten pertsonak ere barne hartuz gero, enpresen %55ek dituzte ideologikoki faxistak edo eskuin muturreko diren kideak.

Desokupen profilari dagokionez, "profil nahiko antzekoa" dutela azpimarratu du Sistema 161-k. Etxegabetzeak egiten dituztenak gizonak dira nagusiki, baina badira emakumeak ere enpresa horietan, "bulego-lanak" egiten, oro har. Hori ez ezik, desokupazio-enpresetako matoiak "gaueko mundutik" datozen pertsonak omen dira batez ere, "diskoteketako atezainak edo segurtasun pribatuko langileak" hain zuzen ere. Eta askok egiten dituzte "MMA, K1, kickboxing, powerlifting edo halterofilia" bezalako kontaktu- edo indar-kirolak, antza.

Desokupako Daniel Esteve eta Jacaré

Desokupa da enpresarik famatuena, zalantzarik gabe, eta Daniel Esteve du buru. Ikerketan zehazten dutenez, 40 eta 80 pertsona artean aritu izan dira lanean Desokupan, eta gaur egun 40 bat dira plantillan. Soldatapeko matoi guztien artean, Daniel Jacaré Toledo da ezagunena. MMAn aritzen da Jacaré, eta "mundu ultrako" tatuajeak dituela jakina da. Nabarmenena da Malagako futbolzaleen Frente Bokerón talde faxistarekin duen harreman estua.

Frente Bokerón taldeak "ez du inoiz bere ideologia nazia ezkutatu", ikerketan ohartarazten dutenez. Infight Málaga atariko elkarrizketa batean, Frente Bokerón oso hurbilekoa duela eta bertan "lagun onak" dituela onartu zuen Jacarék. Kolektibo faxistak antolatutako K1 eta kickboxing lehiaketa batean parte hartu zuen, Málaga 1487 talde faxistako Enrique Castillorekin batera.

Frente Bokerónekoak, Desokupako kiderik ezagunenak

Enrique Kike Castillo ikertua izaten ari da, Pablo Podaderaren erailketari lotuta. Borroka batean bitartekari-lanak egiten saiatu zen Podadera, baina hil egin zuten Frente Bokeróneko kideek. Jakina da, bestalde, Castillo agur faxista egiten ibili zela Malagako ferian, Ikasle Sindikatuaren postuaren aurrean. Jarrera berdina erakutsi zuen Hacer Nación taldeko hainbat kiderekin batera 2020an, Malagako Etxe Errepublikarraren aurkako escrache batean.

Alberto Martínez desokupak ere lotura zuzena du Frente Bokerónekin, Javier Martínez presidentearen anaia baita. Desokuparen uniformea jantzita agertu izan da. David Emporio faxistak ere, Sistema 161-ren arabera, Jacaréren tankerako ibilbidea izan du. Desokupako "aurpegi ezagun bat" da, Malagako diskoteka bateko atezaina izandakoa. Noche de las bestias izeneko K1 eta kickboxing lehiaketan aritu zen, Castillorekin eta Jacarérekin batera.

Dozenaka desokupazio-enpresa

Desokupazio-enpresa ugari daude Espainiako Estatuan gaur egun. Sistema 161-en ikerketan 50 enpresa aztertu dituzte, eta, esan bezala, ideologia faxistarekin edo eskuin muturrekoarekin lotura zuzena duten hemeretzi talde aurkitu dituzte. Ondokoak dira: Desokupa, Hispaval Servicios, Triple A Control, Exit Okupas, Desocupaciones Sur, Desokupa CyL, Bastión Desokupación, Desokupa 365, Desokupa Legal, Fuera Okupas, Desocupaciones G.H., Brigada Desokupa, D&S Desokupa, APD Security Iberia, Nación 8 Desokupa, K9 Protect Solution, Contra Ocupación, OkupaAcción eta Antiokupa España.

EZ DAGO IRUZKINIK