AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/16 12:10

DesokupaCyL enpresa Euskal Herrian izan da berriro, eta legez kontrako hiru etxegabetze gauzatzen saiatu da Bizkaian 48 orduan baino gutxiagoan, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ohartarazi duenez. Kasu bakar batean ere ez dute lortu kaleratzea burutzea, bizilagunek eta etxebizitza-sindikatuek emandako erantzunari esker gehienetan. Abisua eman dute, baina: desokupak hurrengo asteetan itzuliko dira ziur aski.

Zornotza, Barakaldo eta Bilbo, kasuan kasu

Zornotzan, Bilbon eta Barakaldon izan dira DesokupaCyLen Bizkaiko hiru saiakerak. Ostegun gauean, Zornotzako San Antonio auzora bertaratu zen talde faxista: aurreneko aldiz, alokairuan bizi den emakume bat bere etxetik bota nahi zuten legez kanpo. Sindikatuaren esanetan, "ultimatuma eman zioten emakumeari, eta desokupazio-enpresaren bisita gehiago espero dira".

Egun berean, Barakaldoko Burtzeña auzora bertaratu ziren soldatapeko matoiak, egoera zaurgarrian dagoen eta hiru adingabe bere kargura dituen familia bati jazartzera. Hala ere, ez zuten desalojoa burura eramaterik izan, sindikatuaren erantzuna tarteko. Abenduan ere jo zuten familia horren kontra faxistek, lehen aldiz. Etxebizitza Sindikatu Sozialista ordutik egon da harremanetan familiarekin: desokupen aurrean "juridikoki babesteko" lanei ekin die, eta auzoan desokupazio-taldeen aurkako "agitazio- eta kontzientziazio-lanak" egiten ari da.

Asteazkenean, gainera, Bilboko Zorrotza auzora joan ziren DesokupaCyLekoak: pisu bat partekatzen duen baina alokairu-kontratu erregularrik ez duen emakume bat etxegabetzea zuten helburu. AZETek eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak desokupen kontra erantzun zuten, ordea, eta alde egin behar izan zuten. Itzuliko direla espero dute hala ere, otsailaren 15erako etxea utzi behar duela esanez egin baitzioten mehatxu maizterrari. 

Desokupazio-taldeak: jazarpena, kaleratzeak eta funtzio kulturala

Sindikatuak gogorarazi duenez, "funtzio bikoitza" betetzen dute desokupazio-enpresek: "proletalgoaren kontrako jazarpena eta kaleratze ilegalak gauzatzea", batetik, eta "funtzio kulturala betetzea", bestetik, "jabeentzako inpunitate-esparrua orokortuz eta normalizatuz".

Dena den, desokupen "negozio-bolumena txikia" dela eta "eraginkortasuna oso baxua" dela argituz, zeregin kulturala nabarmendu dute sindikatutik: "Betetzen duten funtzio nagusia ez litzateke jendea etxebizitzetatik botatzea, baizik eta zabaltzen dituzten bideoen bidez betetzen duten funtzio kulturala, pertsona pobreak sistematikoki kriminalizatuz". Horrekin ulermen-esparru erreakzionario bat sortzen eta indartzen dutela salatuz, desokupazio-taldeen izaera faxista eta Poliziaren partetik dituzten "lankidetza eta konplizitatea" seinalatu ditu sindikatuak.

Desokupei aurre egiteko deia eta baliabideak

Antolatzera eta etxegabetze-saiakeren aurka erantzutera deitu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta harremanetan jartzeko deia (etxebizitzasindikatua@kontseilusozialista.eus e-maila) egin die arriskuan dauden pertsonei. "Erantzun kolektiboa beti da eraginkorra; desokupazio-enpresek soilik lortzen dute arrakasta euren jarduera ezkutuan garatzen denean", gaineratu du: "Sindikatuak esku hartu duen kasu guztietan, kaleratzea ez da gauzatu".

Gainera, gida bat prestatu dute sindikatutik, desokupei aurre nola egin laburbiltzen duena. Hona hemen:

EZ DAGO IRUZKINIK