Desokupen beste esku-hartze bat atera da argitara Euskal Herrian. Aiaraldea.eus atariak jakinarazi duenez, oraingoan Luiaondora (Araba) bertaratu da desokupazio-enpresa bat, etxe bat legez kanpo husteko eta hainbat pertsona kaleratzeko. Itxura denez, faxistek duela hainbat astetatik daukate jopuntuan etxebizitza hori, talde parapolizialaren pegatina bat jarri baitzuten atean aurrez.
Aipatutako komunikabideak atzo azaldu zuen Luiaondoko etxe aurrean zeudela Desokupaciónlegal.com-eko matoiak, eta hara joan zen bertan jarduten duen kazetari bat, gertaeren berri emateko. Eraso egin zioten desokupek, ordea: sakelako telefonoa lurrera bota eta eskua zapaldu zioten langileari, eta mehatxatu egin zuten.
Ertzaintzako iturriek Aiaraldea.eus-i baieztatu diote desokupazio-enpresa bat dela Luiaondora bertaratutakoa, eta hortaz, jakinaren gainean dago. Zabalik jarraitzen omen du operazioak, eta Ertzaintzak dio ezin duela informazio gehiago eman.
Asanblada gaur arratsaldean
Desokupen presentzia dela-eta, asanblada ireki batera deitu du Aiaraldeko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), Desokupa enpresa faxistei aurre egin! lelopean. Gaur arratsaldeko 18:00etan izango da bilera, Luiaondoko kirol-pistan.
Beste desokupazio-talde bat ere izan da Aiaraldean azken hilabeteetan. Maiatzean zehar, AMA talde parapoliziala aritu zen Amurrion (Araba), familia bat legez kontra etxegabetzen saiatzeko. Orduan ere desokupei aurre egitera deitu zuen eskualdeko GKSk. Faxisten aurkako erantzun jarraitua izan zen herrian, eta hala, desokupek behin baino gehiagotan egin behar izan zuten alde, desalojoa ezin burututa.