Espainiako Poliziak asteazkenean atxilotu zuen Desokupacyl talde parapolizialeko burua, Luis Núñez Mané. Valladoliden atzeman zuten arren, Monforte de Lemos herriko (Lugo, Galizia) gertakari batzuei lotutakoa da atxiloketa. Bikote bati estortsioa egitea egotzi dioten arren, epaileak aske utzi du dagoeneko, karguekin.
Sare sozialetan ikaragarri zabaldu zen Lugon jazotakoa, izan ere, esku-hartze horretan etxez nahasi ziren Desokupacyleko matoiak. Norbanako batek kontratatu zituen berez, erreforma-enpresa bat daraman bikotea diru-kantitate bat ordaintzera behartzeko: haien bezero bat ez zen gustura geratu negozio horrek egindako lan batzuekin, eta auzitegietara jo zuen konpentsazio bat eskatzeko. Diru horren kobrantza azkartzeko, desokupazio-enpresa bat kontratatu zuen salatzaileak, erreformaz arduratu zen bikotea jazarri eta zorra lehenbailehen ordaintzera derrigortu zezan. 27.000 euro eskatzen zituen.
Desokupacyl, baina, ez zen bikote horren etxera bertaratu hasieran, beste pertsona batenera baizik, nahasita. Horren harira, sare sozialetan liskarra izan dute Núñezek eta Desokupako buru Daniel Estevek. Jazarria izan den bi pertsonetako batek salaketa jarri zuen Valladolideko auzitegi batean: azaldu zuen matoi baten telefono-deiak jasotzen ari zela abendutik, eta hil horren 21ean, gainera, Núñez bera bertaratu zela erreforma-enpresak erabiltzen duen bulegora, mehatxuekin segitzeko eta dirua eskatzeko. Hilabeteko epea eman zion bikoteari, ordainketa egiteko. Emakume horrek Valladoliden aurkeztutako salaketa dela-eta atxilotu dute Mané.
Badirudi Núñezen kontrako eginbide polizial gehiago ere badirela martxan, antzeko akusazioak tarteko. Horrek agerian uzten du desokupazio-talde faxistek erabiltzen dituzten ohiko metodoak legalki zalantzagarriak eta seinalagarriak direla, Mané-ren kasuan auzitara eraman dituzten praktikak (mehatxuak, izutzea, hertsatzea eta abar) desokupen ohiko metodoen parte baitira. Desokupacyleko zuzendari modura ageri da Núñez bere legezko agirietan, eta korporazio horrek, teorian, "segurtasun-zerbitzuak" eskaintzen ditu. Praktikan, bere jardunik ohikoena da etxegabetzeak gauzatzea eta zorrak kobratzea.