Iragan astean, Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharreko etxebizitza bat desalojatu zuen Iruñeko Udaltzaingoak, Zapateria kalean, hain zuzen. Azkenaldian, auzoko bizilagunen borroka eremu diren "narko etxebizitzak" eta etxebizitza birjabetuak lotzeko saiakera egin dute hainbat hedabidek. Hala, gertakariak argitzeko eta salatzeko asmoz, komunikatua argitaratu du Alde Zaharreko okupazio mugimenduak.
Okupazio mugimenduko kideek salatu dutenez, joan den asteartean, ekainak 11, udaltzaingoa "ilegalki" eta "inongo agindu judizialik gabe" sartu zen Zapateria kaleko etxebizitza birjabetuan, eta "bertan bizi ziren pertsonak kaleratu zituen".
Udaltzainen jarrera bortitza
Etxera sartu zirenean udaltzainek izan zuten "jarrera bortitza" gaitzetsi dute: "Barruan zegoen pertsonari mugikorra kendu zioten, grabatzen ari zelako (hori ere, zuen legeen arabera, egin daiteke), eta jarraian lurrera bota zuten atxilotzeko mehatxuen artean, haietako hainbat bere gainean jarriz. Horretaz gain, irainak eta mespretxuzko jarrerak etengabeak izan ziren".
Desalojoan, udaltzainetako batek "se os va a acabar el chollo de estos últimos cuatro años" esan zuela azaldu dute oharrean. "Okupazio mugimenduaren aurka duela zenbait urte bezala oldartzeko" udaltzain batzuek duten gogoarekin lotu dituzte adierazpen horiek: "Koalizio ultraeskuindar bat udaletxera bueltatzeko irrikitan daude".
Dena den, nabarmendu dute azken lau urteetan ere desalojoak eman direla Iruñean, eta hori "instituzioetan dagoen alderdia zein den axola gabe" gertatzen dela diote.
Narko etxebizitzak, okupazioa eta zenbait hedabideren gezurrak
Iruñerriko Alde Zaharreko auzokideek "narko etxebizitzen" aurka abiatu berri duten borrokaren testuinguru betean, Diario de Noticias de Navarra-n argitaratutako albiste batek jasotzen dituen "gezurrak" ere salatu dituzte.
Hala, hedabidea, polizia zein politikarien sektore bat seinalatu dituzte: "Azkenaldian Alde Zaharreko etxebizitza zehatz batzuetan droga trafikoarekin lotuta eman diren gertaerak (polizien utzikeriaz, noski) okupazioarekin lotzea, eta era horretan, euren desalojo ilegalak justifikatzea jokaldi politiko zikin eta mespretxagarria da, eta ez ditugu haien gezurrak onartuko".
Aipatutako hedabideak zabaldutako albisteari dagokionez, argi azaldu dute: "Zapateria kaleko etxebizitzak ez zuen droga trafikoarekin eta kontsumoarekin inolako loturarik". Kontrara, mugimendu horren atzean "langile klasea konszienteki antolatzea eta okupatzea" dagoela, eta beraz, eraikina arrazoi horrengatik desalojatu dutela adierazi dute.
Presentzia polizialaren gogortzea
Bestalde, azken egunetan Iruñeko beste zenbait etxebizitza birjabetutan izan diren diren identifikazioak eta etengabeko presentzia poliziala ere gaitzetsi dituzte okupazio mugimenduko kideek: "Badirudi hariak mugitzen hasi direla jada, eta kolore guztietako poliziak prestatzen ari direla okupazio mugimendua bortizki erasotzeko".
Edozer gertatzen delarik ere, okupazio mugimendua erasotzen dutenek, Alde Zaharreko okupazio mugimendua "aurrean" izango dutela jakinarazi dute.
Elkarretaratzea ostegunean
Bihar, osteguna, elkarretaratzea egingo dute Nabarrerian, eraso horiek guztiak salatzeko: "Elkarretaratzea egingo dugu Nabarreria plazan, joan den astean Zapateria kaleko etxebizitza okupatu batean udaltzaingoek gauzatutako desalojoa zein beste zenbait gune okupatutan ematen ari den poliziaren etengabeko presentzia salatzeko".
18:00etan jarri dute hitzordua. "Zuen errepresioaren eta manipulazioaren aurrean, gune okupatuak defendatuko ditugu", gehitu dute.