AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/02/09 09:06

2019ko urriaren 17an mobilizazioak izan ziren Hego Euskal Herrian, Altsasuko gazteen aurkako epaia eta Kataluniako zenbait agintari politikori ezarritako zigorra salatzeko. Gasteizen (Araba) ere izan zen manifestazio bat eta, amaitzean, trenbidea moztu zuten hainbat gaztek, EHUko campusaren ondoan.

Protestan parte hartzen ari zirenen aurka oldartu zen Ertzaintza, kolpeka. 21 gazte atxilotu zituzten polizia-agenteek, eta horietako hamabost deklaratzera deitu ditu orain Gasteizko epaile batek. Hain zuzen, atxiloketen egunean adinez nagusiak ziren lagunek deklaratu beharko dute otsailaren 18an eta 25ean, Arabako Probintzia Auzitegian.

Antza, Ertzaintzak argazki berriak aurkeztu ditu froga modura, eta horregatik deitu dituzte deklaratzera, "trenbideak okupatzeagatik".

Auzipetuta daude gainontzeko sei gazteak ere baina, Hala Bedi-ren arabera, Adingabeen Fiskaltzaren esku dago auzia.