Espainiako Estatuan azken lan-erreforma ezarri zenetik ia hiru urte igaro direnean, Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) gogorarazi du neurri horrek "prekaritatea betikotu besterik ez" duela lortu. Azaldu du, adibidez, "erreformaren puntu positibo gisa saldu" zela "aldi baterako kontratazio-modalitateen ustezko murrizketa", teorian, "lan-merkatuko behin-behinekotasuna errotik amaitzea" ekarriko lukeelako; baina, errealitatean, "datuek kontrakoa islatzen" dutela. LASen esanetan, gainera, "erreformak bere horretan utzi zuen probaldiari buruzko araudia", eta horrek aukera ematen die enpresei "langileen lan-kontratua inolako justifikaziorik gabe eta kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik gabe azkentzeko".
LASek salatu du Decathlon dela "patronalak eta politikari profesionalek adostutako zirrikitu legal horiek" erabiltzen dituen enpresetako bat. Izan ere, "kontratu mugagabeak" eskaintzen dituelako plantak egiten ditu, eta "hiru edo sei hilabeteko probaldiak" ezartzen dizkie kontratatutako langileei. "Probaldia amaitu baino egun bat lehenago", ordea, kaleratu egiten ditu, argudiatuta ez dutela "probaldia gainditu".
Behin-behineko eskulan merkea eta plantilla otzana sortzea helburu
Modu horretan, Decathlonek bi helburu betetzen dituela uste du Iruñerriko autodefentsa-sareak: "eskulan merkea, malgua eta aldi baterakoa izatea itxura legal baten pean, lan-erreformak babestuta"; eta "egiturazko iruzur horri aurre egiteko sindikalki antolatzea eragozten zaion plantilla ezegonkorra osatzea", "probaldian zehar edo ostean kaleratzeko beldurrez izango den plantilla otzana izatearekin" batera.
Langileen antolaketa politikoa oztopatzeko ahalegin horren erakusle da, hain zuzen ere, enpresak berak sortutako sindikatu bat (SGIC) erabili izana "langileen eskubideen aurka doan hitzarmen kolektibo bat sinatzeko", LASek jakinarazi duenez. Decathlonek horrela lortu du Espainiako Estatu mailako lan-hitzarmen bat nagusitzea, "hasiera batean onuragarriagoak izan daitezkeen probintziako sektore-hitzarmenak aplikatzea saihesten duena".
Antolakuntza independentearen beharra, politikarien eta enpresarien aliantzaren aurka
Iruñerriko LASen hitzetan, Decathlonen kasuak hiru ondorio nagusi uzten ditu agerian: "enpresarien boterea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta okerragoak direla gure eskubideak"; "irabaziak maximizatzeko enpresariek politikari profesionalekin batera legezko tresna guztiak erabiltzen dituztela"; eta "langileen antolakuntza independenterik izan ezean, enpresarien eta politikarien nahien menpe izatera kondenatzen garela". Autodefentsa-sareak, beraz, dei egin du "behin-behinekotasunaren eta enpresarien abusuen aurka borrokatzera", baita lekuan lekuko LASekin harremanetan jartzera ere.