Eusko Jaurlaritzak iaz egin zion bide Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) arautegi berriari. Hainbatetan salatu dute erreforma horrek baztertu egiten dituela pertsona pobretuenak, eta, gaur, salaketa hori Bilboko (Bizkaia) Justizia Jauregiraino eraman dute Argilan-ESK, Berri Otxoak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Jakinarazi dutenez, DBEren arautegi berriaren kontrako helegite bat aurkeztu dute EAEko Auzitegi Nagusian, "irizpide baztertzaileak" jarraitzen dituelako eta "pertsona pobretuenak prestazioetatik kanporatzen" dituelako.
"Denbora daramagu esaten, isilean, zenbait erreforma onartzen ari direla, etxebizitza eskuratzeko prestazioak murrizten dituztenak pertsona eta bizikidetza-unitate prekarizatuenentzat, pobretuenentzat eta kalteberenentzat" ohartarazi dute beste behin. Bi aldaketa nabarmendu dituzte: dagoeneko aipatutako Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legearen erreforma, eta Etxebizitzarako Prestazio Ekonomiko (EPE) berria. Joan den urtarrilean agerraldi baten bidez azaldu zutenez, aurreko urtean sartu zen indarrean DBE sistemaren erreforma, eta datorren apirilean izango da martxan EPE delakoa.
"Aldaketa horiek aplikatzen badira, ehunka bizikidetza-unitateri eragingo diete, eta milaka pertsona etxebizitza-prestazioetarako sarbiderik gabe geratuko dira", seinalatu dute berriz gaurkoan. Gogorarazi dute "sektore prekarizatuenak eta pobretuenak" izango direla "kaltetuenak"; esaterako, "Etxebide-Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan hiru urte lehenago izena emanda ez dauden pertsonak, azpierrentamenduetan bizi eta komun erabilera propiorik ez dutenak, alokairu erregularreko kontraturik ez dutenak edo etxebizitza hutsak okupatzen bizi direnak".
Icebergaren punta
Argilan-ESK, Berri Otxoak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azpimarratu dute "icebergaren punta" baino ez dela gaurkoan inpugnatu duten araudia. Esan dute "etxebizitzarako prestazioen arloan izaten ari diren erreforma eta murrizketa" guztien barruan kokatu behar dela DBEren arautegi berria, eta, orokorrean, guztiek daukatela norabide berdina: "sektore pobretuenak kanporatzea".
Aipatutako hiru eragileek mobilizazio bat daukate antolatuta otsailaren 24rako, Bilbon. "Eusko Jaurlaritzak etxebizitza eskuratzeko prestazioen arloan bultzatutako murrizketen" kontra mobilizatuko dira, baita horiei lotutako "kriminalizazioaren eta pobretzearen" kontra ere. Moyua plazatik hasiko da manifestazioa, 12:00etan.