Nahasiak izaten ari dira aste hauek Sirian. Hayat Tahrir al-Sham (HTS) buru duten indar oposiziogile islamistak azaroaren bukaeran oldartu ziren Sirian, herrialdeko bigarren hiririk handiena, Alepo, euren menpe hartuta. Ostegunean jakinarazi zuten seigarren hiririk handiena ere, Hama, hartu egin zutela, eta abiada bizian egin dute aurrera ordutik, Siriako Armada Arabiarra (SAA) atzera egiten eta gobernuak erortzen jarraitu duten bitartean. Milaka siriarrek egin behar izan dute ihes ordutik, eta mugak itxi dituzte Libanok eta Jordaniak.
Hegoaldean "operazio-aginte bat" eratuta, hiriburura jotzeko iragarpenak egin dituzte azken egunetan oposizioko indarrek, eta horixe bera jakinarazi zuten atzo: ofentsibari buru eman eta Damasco hartu zuten. Hamalau egun eskasean lortu dute kontrola indar islamistek, besteak beste, SAA armadaren kolapsoak eraginda.
Bashar al-Assad presidenteak bere kargua abandonatu eta alde egin du Siriatik, Errusiak berak atzo baieztatu zuenez. Dena den, badirudi Mohammad al-Jalali lehen ministroak Damascon jarraitzen duela, eta esan du prest dagoela "herriak hautatutako edozein buruzagitzarekin kolaboratzeko". HTSk "hemezortzi hilabeteko trantsizio epe bat" promestu du.
Mohammad al-Jawlani jihadistak gidatzen du HTS. Mendebaldeko komunikabideetan "buruzagi errebeldetzat" edo "matxinotzat" jotzen ari direna Al-Qaedako komandante ohia da, eta, hainbat iturriren arabera, 20 urte baino gehiago daramatza Estatu Islamikoaren (ISIS) eta Al-Qaedaren parte izaten. Badirudi Amerikako Estatu Batuetako Inteligentzia-Agentzia Zentralak (CIA) entrenatu zuela, eta 2011n askatu zuela Siria inbaditzeko.
Israelgo Estatuaren, AEBen eta Turkiaren azken erasoak
Israelgo Estatuak aurreko astean bertan probestu zuen egoera Golango Gainetan bere presentzia militarra indartzeko, udazken honetan, Libano inbaditzean, eremu estrategiko horretan indartutako okupazioa areagotuz. Benjamin Netanyahuk atzo aitortu zuen sionistek ofizialki hautsi dutela 1974ko Atzera-Egite Akordioarekin (aurrez ere hainbatetan urratu dute), Golan hartu ahal izateari oinarri sendoagoa emateko. Hermon mendia okupatu eta segurtasun-zonalde berri bat ezarri dute Golango Gainetan, eta abandonatutako azpiegitura militarrak bonbardatu dituzte Damascon.
AEBek, bestalde, aire-erasoaldi bati ekin zioten Sirian atzo bertan: herrialdearen erdigunean, Estatu Islamikoaren 75 posiziori eraso zieten. AEBek diote jihadistek "botere-hutsunea" balia dezaketela "beren burua berrantolatzeko", eta hori ekidin nahi omen dute aire-erasoen bidez. Joe Bidenek dio ez dutela "baimenduko" Estatu Islamikoa "berriz eratzea".
Turkiak, bere partetik, kurduen kontra bideratu ditu bere mugimendurik nabarmenenak. Urte luzez oposizioko indarrak babestu ondoren, adierazi du kosta ahala kosta saihestuko duela kurduek "kaosa" baliatzea euren boterea handitzeko. Hala, bere Siriako proxyaren bidez, Siriako Armada Nazionalaren (SNA) bidez, kurduen indarren aurka jo du erasora Turkiak. Borrokak izaten ari dira SNAren eta Siriako Indar Demokratiko (SDF) kurduen artean, nagusiki Manbijko guduan.
Errusia zalantzan
Atzo Errusia izan zen lehena Al Assaden ihesa berresten, eta badirudi presidente ohiak han hartu duela babes. Gainera, Errusiako Kanpo-Arazoetako Ministerioak eman zuen bukatutzat Siriako Gobernua, Errusia izan baitzen bere partez azaldu zuena "presidentetzari uko egitea" erabaki zuela al-Assadek eta "botere-transferentzia baketsu baterako jarraibideak" eman zituela. Errusiako gobernu-iturriek jakinarazi dute Siriako beren base militarrak ez daudela arriskuan, eta gobernuak "elkarrizketara" deitu badu ere, onartu du harremanetan dagoela "Siriako fakzio oposiziogile guztiekin".
Madrilen, oposizio islamiarraren bandera
Argitara atera zenean oposizioak Damasco hartu zuela, Madrilen 200 pertsona inguru elkarretaratu ziren Siriako Enbaxada aurrean. Momentu batean, manifestarietako bat enbaxadan sartu zen eta Siriako Arabiar Errepublikaren bandera (gorria, zuria eta beltza, bi izar berderekin) kendu zuen. Horren ordez, oposizioko indarrek erabiltzen dutena (berdea, zuria eta beltza, hiru izar gorrirekin) jarri zuen.