Oraingoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ez du begi onez ikusi Covid ziurtagiriaren derrigortasuna luzatzea eta eremu gehiagotara zabaltzea. Eusko Jaurlaritzak bi eskaera horiek egin zituen, eta aurretik ziurtagiriaren erabilera begi onez ikusi bazuen ere, atzo ezezkoa eman zuen auzitegiak. Esan du Jaurlaritzak ez duela "behar bezala justifikatu" ziurtagiriaren eraginkortasuna "kutsatzeak murrizteko".
Jaurlaritzaren asmoa zen gutxienez otsailaren 13ra arte luzatzea Covid ziurtagiria eskatzeko agindua, eta gainera, aurrerantzean turismo ostatuetan, hoteletan eta joko aretoetan ere derrigorra izatea. EAEko fiskaltzak begi onez ikusi zuen ziurtagiriaren erabilera luzatzea, baina ez eremu gehiagotara hedatzea. Horren ostean aztertu zituen Jaurlaritzaren eskaerak EAEko Auzitegi Nagusiak, eta atzo argitaratu zuen horren inguruko autoa.
Auto hori aztertzen ari omen dira Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoak, eta ikustear dago kasazio helegite bat aurkezten duen edo ez. Oraingoz, baina, bi eremu nagusitan eskatuko dute Covid ziurtagiria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 50 mahaikidetik gorako jatetxeetan eta gaueko aisialdian.