AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/12/07 11:12

Aurreko astelehenean, abenduaren 4an, Correosen garbiketan aritzen diren langileek indarrak batu zituzten Bilbon (Bizkaia). Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako, Asturiasko nahiz Galiziako garbitzaileak aldarri argi batekin atera ziren kalera, elkarrekin: Correos, ordaindu orain (Correos, paga ya). Beharginek sei hilabete daramatzate kobratu gabe, eta, hori dela-eta, greba mugagabera jo zuten urria hastean.

Correosek azpikontratatuta dauka garbiketa-zerbitzua. Iazko abenduaren erdialdetik orain dela gutxira arte, J Cordoba enpresa arduratu da hainbat lurraldetako zerbitzuaz: hala nola, Hego Euskal Herrikoaz, Asturiaskoaz, Galiziakoaz, Kantabriakoaz eta Errioxakoaz. J Cordobak, baina, urtarrilean bertan ekin zion soldaten ordainketetan atzeratzeari, eta uztailean utzi zion soldatak eta plusak ordaintzeari. Aurretik ere jokatu izan du berdin langileekin, esaterako, Elchen (Alacant).

"Nik pentsatu nuen: zer ari da gertatzen? Berandu ordaintzen digute, gaizki ordaintzen digute, nominak edota kontratuak gaizki egiten dizkigute..."

Gipuzkoan aritzen dira Maria Barradas, Isa Soriano eta Rosa Soriano garbiketako langileak, eta azaldu dute urtarrilean bertan hasi zirela kezkatzen, Elcheko aurrekariak eta J Cordobak eurekin emandako lehen pausoak ikustean. "Nik pentsatu nuen: zer ari da gertatzen? Berandu ordaintzen digute, gaizki ordaintzen digute, nominak edota kontratuak gaizki egiten dizkigute... Ez nuen ulertzen", azaldu du Rosa Sorianok. Horretaz gain, jakin zuten J Cordobak ez ziela altarik eman Geroa erretiro-planean, derrigorrezkoa izan arren.

Udaren hasieran, soldatak eta plusak jasotzeari uztean, mugitzen hasi ziren garbitzaileak. Gipuzkoan, esaterako, orduan bildu ziren asanblada batean, eta orduan atera zuten mahaira grebara jotzeko aukera, Barradasek gogorarazi duenez. Apurka-apurka, beste lurralde batzuetako garbiketako beharginak ezagutzen hasi ziren, sare sozialen bidez besteak beste. "Horrela ikusi dugu hamasei probintziatan ditugula lankideak eta ez gaudela bakarrik. Lehen ez genuen elkar ezagutzen. Orain, indartsuago gaude", dio Rosa Sorianok.

"Feminizatutako sektore bat garela eta lanaldi osorik ere ez daukagula aprobetxatu nahi izan dute [enpresek], guri beldurra sartzeko"

"Feminizatutako sektore bat garela eta lanaldi osorik ere ez daukagula aprobetxatu nahi izan dute [enpresek], guri beldurra sartzeko. Eta, egia esan, beldurra du mundu guztiak; ez sinestekoa da. Aurreko mendean gaudela ematen du", seinalatu du Isa Sorianok: "Gero, martxan jarri garenean, apurka hasi gara ahalduntzen eta, aizu, argi daukagu orain. Gure soldatak ordaindu arte, ez gara lanera joango".

Urte erdia soldata jaso gabe, eta esleipen berriak

Sei hilabetetik gora igaro dira J Cordobak soldatak ordaintzeari utzi zionetik. Kobratu gabe jarraitzen dute langileek eta inork ez du irtenbiderik atera mahaira, baina, hala ere, orain beste enpresa batzuei esleitu die garbiketa-zerbitzua Correosek, 35 hilabeteko kontratu berrien bidez: Garbialdi enpresari Hego Euskal Herrian, Galizian, Kantabrian zein Errioxan, eta Lincamarri gainerako lurraldeetan. Ezaguna da Garbialdi Hego Euskal Herrian, eta ez alferrik: Osakidetzan, esaterako, bera arduratu izan da garbiketa-zerbitzuaz, eta gatazka ugari sortu ditu langileekin.

Orain beste enpresa batzuei esleitu die garbiketa-zerbitzua Correosek, 35 hilabeteko kontratu berrien bidez. [...] Garbitzaileei zor zaien diru guztiari dagokionez, eskuak garbitzen dituzte

Dena den, orain arteko ez ordaintzeei dagokienez, Correosek ez du ezer adostu enpresa berri horiekin. Beraz, ez Garbialdi ez Lincamar ez daude behartuta garbitzaileei aurreko sei hilabeteetako soldatak ordaintzera. Aldaketa bete-betean, beraz, ez da gauza handirik aldatu garbiketako beharginentzat: berme handirik gabe jarraitzen dute, eta garbitzaileei zor zaien diru guztiari dagokionez, eskuak garbitzen dituzte Correosek eta berak azpikontratatutako enpresek.

Baldintza negargarriak

Correoseko garbiketako langileek 1.075 euro baino gutxiagoko soldatak dituzte; soldata jasotzen dutenean, behintzat. Horretaz gain, askotariko baldintza miserableak eta arazoak jasan behar izaten dituzte lanean: bajak izatean hutsik geratzen diren lanpostuak ez dira erabat betetzen eta, hortaz, lan-karga areagotzen zaie behin eta berriz; garbitzaileen %90ek baino gehiagok lanaldi partzialak dituzte eta, horren ondorioz, soldatapeko beste lan batzuk ere hartu behar izaten dituzte; sarri ez dituzte garbiketarako beharrezko materiala eta produktuak topatzen euren lantegietan; kasu ugaritan langileek Correosen bulego batean baino gehiagotan aritu behar izaten dute garbiketan eta etengabe mugitu behar izaten dira batetik bestera; eta abar. Azken horri lotuta, gainera, garbitzaileen bakartzea eta isolamendua ohikoak izaten dira.

Correoseko garbiketako langileek 1.075 euro baino gutxiagoko soldatak dituzte [...]; %90ek baino gehiagok lanaldi partzialak dituzte

Isa Sorianok gaineratu du, nolabait, "salbazio bat" izan dela greba, onartezinak ziren baldintza horietan lanera joan behar ez izateko. Ohartarazi du "egoera oso txarrean" daudela lankide asko: batzuek euren seme-alaben legezko zaintza edota alokairuak ere galdu dituzte, ezintasun ekonomikoengatik. "Beste batzuek arroza bazkaltzen nahiz afaltzen dute, edo arrautza batzuk", jarri du adibide modura Rosa Sorianok. Hiru elkarrizketatuek egin diote azpimarra, hala, soldata hain denbora luzean ez jasotzeak sortzen dituen arazo larriei. "Lan egiten badugu ez da musu-truk, soldata bat jaso ahal izateko da", salatu du Rosa Sorianok. "Gezurra dirudi Euskal Herrian, hain aurreratua dirudien leku batean, halako tratu txarra ematea langileoi, eta gauden bezala egotea. Lotsagarria da, sinetsezina da", gaitzetsi du gogor Isa Sorianok.

"Lan egiten badugu ez da musu-truk, soldata bat jaso ahal izateko da"

Egoera hainbeste luzatzea grebalariengan higadura sortzeko modu bat izan daitekeelakoan daude. Izan ere, Correosen jarraituta eta kobratu gabe egonda, langileen zorrak eta ezintasunak areagotzen ari direla azaldu dute, eta horren jakitun izanda ari direla egoera luzatzen Correos edota azpikontratatutako J Cordoba. Sorianotarren eta Barradasen ustez, garbiketako langileak alde egitera behartzeko modu bat izan daiteke.

Ikusezinak eta gutxietsiak

Barradasek azpimarratu du "gehien izorratzen" duena dela hain denbora luzean inork ezer esan ez izana, ez Correosek ez azpikontratatutako enpresek: "Ez digute inolako informaziorik edo erantzunik eman hilabete luzez, inor ez da gurekin harremanetan jarri. Botata utzi gaituzte". "Gutxietsitako lan bat izaten jarraitzen du garbiketak", iritzi dio Rosa Sorianok: "Baina gainerako guztien moduko lan bat da, eta egingo ez bagenu, zaborrak jango luke guztia".

"Zoru-garbigailua daramatenak gara batzuentzat"

Eta ez nagusien partetik soilik. Correosen barruan, langile batzuen gutxiespena ere sentitu izan dutela dio Barradasek: "Zoru-garbigailua daramatenak gara batzuentzat". "Gertatu izan zait, zorua garbitu bezain pronto langile batzuk gainetik pasatzea; ezer esan gabe, niri aurpegira begiratu ere egin gabe. Batzuek agurtu ere ez gaituzte egiten", gaitzetsi du Isa Sorianok: "Gogoa ematen dit 'Kaixo!' oihu egiteko. Hemen nago eta pertsona bat naiz, ez altzari bat. Mingarria da".

Jarrera desberdinen arteko aldea

Ez da erraza, ordea, egoera horri guztiari aurre egitea. Beste hamaika sektoretan gertatzen den modura, Correosek gogor egiten die kontra garbiketako langileen aldarri politikoei, protesta-ekintzei eta grebari. Hainbat eta hainbat lantokitan, esaterako, bulegoak garbitzera behartu ditu beharginak, eta horrek oztopatu egiten ditu garbitzaileen lanuztearen eragina eta presioa egiteko gaitasuna.

"Agian guk kobratu gabe jarraituko dugu greban segitzen dugulako, baina gure kontzientziarekin oso lasai gaude. Ni greban nago zuzenena dela uste dudalako"

Baina grebalarien lana eta aldarriak ez dituzte enpresek eta nagusiek soilik eragozten. Langile guztiak besoz beso aritu beharrean, hainbatek greba baztertu eta bulegoak garbitzen jarraitzearen alde egin dute. "Beldur dira. Uste dute ez daukatela greba egiteko eskubiderik, atzerapen handiagoarekin ordainduko digutela greba eta zarata egitearen ondorioz, enpresarekin zorretan geratuko garela, ez dugula kotizatuko, edo dena delakoa", xehatu du Rosa Sorianok. Gertatu izan zaie bulegoren batera protestara joan eta garbiketako lankideren bat topatzea, lanean, eta berak kobratu egingo duela esanez. "Agian guk kobratu gabe jarraituko dugu greban segitzen dugulako, baina gure kontzientziarekin oso lasai gaude. Ni greban nago zuzenena dela uste dudalako", adierazi du Barradasek.

Eta grebaren kontrako jarrera ez dute soilik garbiketako lankideen artean topatu: bulegoetako gainerako langileek ere oztopatu dute lanuztea. Garbitzaileen grebaren eragina apalduz, bulegoak garbitzea erabaki dute askok, euren kabuz; eta ez barrualdea soilik, baita kanpoaldea ere. Halako gutxiespen jarrerak mingarriak dira euren eskubideen defentsan borrokan ari diren garbiketako langileentzat, Soriano ahizpek eta Barradasek seinalatu dutenez. "Zaborra gero eta gutxiago ikusi, orduan eta kasu gutxiago egingo digute", laburbildu du Rosa Sorianok.

"Itaiako kideek erakutsi digute itxaropena izan dezakegula gazteengan"

Kontrara, hala ere, babesa eta elkartasuna ere jaso dituztela nabarmendu dute, eta aipamen berezia egin diote Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistari. "Ezin duzue imajinatu zer babes ari diren ematen Itaiako kideak", izan du gogoan Rosa Sorianok: "Harrigarria da ikustea nola barru-barruan ere badaukagun etsaia eta, esaterako, batzuek lanean jarraitzen duten; eta gero, kontrara, nolako laguntza eta babesa ari den ematen enpresatik kanpo dagoen jende jakin bat". "Niri sekulako adorea eman dit Itaiak. Aurpegia ematen ari dira gure alde", esan du Barradasek. "Itaiako kideek erakutsi digute itxaropena izan dezakegula gazteengan; helduengan baino gehiago", hausnartu du Rosa Sorianok.

"Askotan izaten ditugu egun txarrak, baina orain gainerako lurraldeetako lankideekin edota Itaiako kideekin harremanetan gaudela, beti egoten da adore ematen dizun norbait", kontatu du Rosa Sorianok. Isa Sorianok deia egin die, "guk bezala, halako arazoak dituzten emakumeei": "Defenda dezatela euren burua eta egin dezatela borroka".

EZ DAGO IRUZKINIK