AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
CAFeko langileen manifestazioa
2020/03/04 18:59

Epaitegi batek ebatzi berri du zein izan zen Vicenta Burgueteren heriotza eragin zuen arrazoia: senarraren laneko arropa garbitzean amiantoa arnasteagatik hil zen, 2017. urteko martxoan. CAF enpresan soldatapean jarduten zuen senarrak, eta lanjantzia amiantoak kutsatuta zegoela frogatu dute.

ASVIAMIE Amiantoaren Biktimen Euskadiko Elkarteak ohartarazi duenez, epaitegi batek "etxekoandre baten aldeko epai irmoa ematen duen" estreinako aldia da. Azpimarratu dutenez, etxean lan egiten duten emakumeek ere "kalteak pairatu ditzakete; baita bizia galdu ere". Egoeraren zergatia "enpresen axolagabekeria" dela salatu du elkarteak, eta "jarrera oztopatzailea" izatea leporatu diote Beasaingo (Gipuzkoa) enpresari.

CAFeko langile batzordeak azaldu duenez, senarren laneko jantziak garbitzeagatik beste bi emakume ere gaixotu ziren. Haietako bat zendu da dagoeneko.

Zenbatutako biktimak

2020. urtea hasi zenetik, amiantoaren eraginpean soldatapean jardun duten sei behargin hil dira gutxienez. Iaz 37 izan ziren. 1993. urtetik hona egindako estimazioen arabera, 2.427 pertsona hil dira substantzia kutsakor horren ondorioz.