AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / BDZ
2025/09/29 08:50

Egoitza Goierrin daukan CAF enpresak esku artean daukan proiektu erraldoietako bat da Jerusalemen Tren Arina eraikitzea. 2019an lortu zuen kontratua Israelgo Estatuarekin, eta konpainiak 500 milioi inguru irabaziko ditu Palestinako lurren okupazioa sakonduko duen azpiegitura eraikitzearen truke: legez kontrako kokaleku kolonoak elkarren artean lotu eta Linea Berdea deiturikoa eraikiko du (114 tranbia eginez), baita Ekialdeko Jerusalemdik pasatzen den Linea Gorria handitu ere (46 tranbia berrituz besteak beste). 2027an bukatuko dituzte lanak, baina gerora, mantenu-lanez ere arduratuko litzateke euskal enpresa.

Azken urteetan, batez ere 2023ko urriaz geroztik, areagotu egin dira CAFek sionistekin loturak apur ditzan exijitzeko mobilizazioak, eta Tren Arina egiteko proiektu erraldoia egon da jopuntuan nagusiki. Orain arte, enpresako zuzendaritzaren partetik, isiltasuna izan da nagusi. Duela gutxi, baina, eta Palestinaren aldeko mobilizazioen gorakadaren erdian, Israelgo Estatuarekin dituen negozioen defentsa egin du Goierriko konpainiak. 

Andres Arizkorreta buru duen enpresak esan du "nazioarteko legalitatearen eta giza-eskubideen" esparruan sartzen dela proiektua. Giza-eskubideen urraketa posibleak aztertzeko ikerketa batzuk egin omen dituzte azken urteetan, eta txosten horiek adierazten omen dute "giza-eskubideak betetzeko katalizatzailea" dela Jerusalemgo Tren Arina; "hala nola mugitzeko askatasuna; eta enplegurako sarbidea eta arreta medikorako, hezkuntzarako eta gurtza-lekuetarako sarbidea herritar guztientzat, bereizketarik egin gabe, eta onura bereziarekin komunitate ahulenentzat, gainera".

CAF, palestinarren aurkako sarraskiari esker aberasten diren enpresen artean

Nazio Batuen Erakundeak badu zerrenda bat, Israelgo Estatuaren okupazio-politika odoltsuei esker aberasten diren enpresena. Aurreko ostiralean berritu zuen 158 konpainia seinalatzen dituen lista, eta aurreikus zitekeen modura, tartean da CAF enpresa: 38. postuan dago, palestinarren kontrako sarraskiaren bidez irabaziak lortzen dituzten konpainien artean.

NBEren zerrenda horretan agertzeak ez dakar inolako zigorrik. Espainiako Estatuko beste hiru enpresa daude listan: Actividades de Construcción y Servicios (ACS), bere filiala den Sociedad Española de Montajes Industriales (SEMI), eta Ingeniería y Economía del Transporte (Ineco).

EZ DAGO IRUZKINIK