Busturialdeko Ikasle Autodefentsa Sarea sortu berri dute Busturialdean (Bizkaia), ikasleak "elkartzeko eta antolatzeko beharrizanari" erantzuteko eta elkar "babesteko". Izan ere, hainbat ikaslek ebatzi dutenez. "autodefentsa" da bizi duten "zapalkuntza bakoitzari" aurre egiteko "bide bakarra", "modu isolatuan erantzun beharrean, indarrak batuz erantzuteko". Hala egin nahi diete kontra "hezkuntza kapitalistan" egunerokotasunean ikasle langileek jasaten dituzten "erasoei zein errepresio kasuei". "Inpotentzia eta babesgabetasun egoera horren aurrean umezurtz ikusten dugu sarritan gure burua", diote BIASeko kideek; hala, "batzera, saretzera eta kolpatzera" dator autodefentsa sarea.
"Busturialdeko ikasle langileen interes zein eskubideen defentsarako eta babeserako" jaio da, beraz, BIAS. "Hezkuntza mailan, ikasle langileen bizi baldintzen hobekuntza lortzea du ipar", azaldu dute sareko kideek. Horretarako, "ikasle langileen arteko elkartasuna eta antolakuntza politikoa" hartuko ditu oinarri.
Lehenengo helmugak
Aurrerantzean asteazkenero izango dira BIASen asanbladak, patio orduan, Ikasle Gelan. Oraingoz, badute lehenengo helduleku bat: euskara irakasgaiko ebaluazio irizpidea aldatzea. Irakasgai hori gainditzeko, azterketa bakoitzean gutxienez lau puntu lortu behar dituzte batxilergoko ikasleek.
BIASeko kideek adierazi dutenez, ikasleek ez dute bat egiten irizpidearekin. Izan ere, salatu dute irizpide horrek ez duela "ikasleon euskarazko gaitasuna errealki ebaluatzen": "Azterketa bakarrean lau puntu baino gutxiagoko nota izateak urte osoko lana baldintzatzen du, eskuratutako jakintzak azterketa soil batera mugatuz". Gainera, "azterketa eguneko egoera pertsonal zein psikologikoa ere faktore garrantzitsua" dela azpimarratu dute.
Hala, "ezinegon" horri aurre egin eta antolakuntzari ekin diote BIASeko kideek. "Guztion indarraz soilik lortu dezakegu", diote.