AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Josep Rueda
2019/11/27 16:01

Gaur, azaroak 27, greba mugagabeari ekin diote Burlatako (Nafarroa) Kultur Etxeko langileek. Urtebete atzera eginda, azaldu dute azken hilabeteetan bajan izan direla zenbait lankide. Udalak, ordea, ez du ordezkorik hartu lanerako; beraz, geratzen ziren beharginek hartu behar izan dute beren gain "lan karga osoa".

Azaldu dutenez, "estresa" eragin die egoerak, eta modu horretan eman ahal izan dituzten "zerbitzuak eskasak" izan direla ere gaitzetsi dute. Gainera, udalaren jarrera salatu dute, "lehentasunik ez zuten lanak egitera behartu" dituztelako langileak, haien "iritzia kontuan izan gabe".

Hala, azaroaren 12an iragarri zuten greba mugagabea. Astelehenean jabetu zen udala ez zela egun bakarreko greba; mugagabea baizik, eta beraz, biltzera dei egin die. Gaur izango da bilkura.

Aurrera doa Elecnorreko borroka

Bestalde, Arabako Elecnor Telecomunicacioneseko beharginek aurki hasiko dute greba mugagabea; abenduaren 9an. Hilabete baino gehiago igaro da Telefonicak azpikontratatutako enpresa horretako langileek lanuzteak hasi zituztenetik, eta bost greba egun egin dituzte dagoeneko. Azaroaren 22an izan zen azkena. Salatu dute enpresaren zuzendaritzak "aurpegia eman gabe" jarraitzen duela, eta beraz, borrokan jarraitzea erabaki dute, lan baldintzetan hobekuntzak exijitzeko. Zuzendaritzak oraindik ez die erantzun haien eskaerei.

Langileek urrian salatu zituzten haien lan baldintzak. Izan ere, besteak beste, Telefonicakoek baino soldata baxuagoak dituztela azaldu zuten, baita lanaldi luzeagoak eta segurtasun neurri okerragoak ere. Bestalde, asteburuetan ere lan egitera derrigortuta daude aldi baterako kontratatutako beharginak, kaleratuak izatearen arriskua medio. Guardian egindako lanorduak "dagokien bezala" ordaintzea eta gainontzeko herrialdeetako langileen soldata berdinak izatea ere exijitu dute langileek.

Gainera, azaldu zutenez, enpresak ez ditu lan hitzarmenean jasotako hainbat baldintza bete ere egin. Negoziazio-mahaia osatzeko eskaera egin zuten orduko hartan, baina bere horretan jarraitzen du egoerak.

Horretara dator abenduko greba mugagabea, beraz. Arabako Alea-k jakinarazi duenez, koordinazio lanetan dabiltza gainontzeko herrialdeetako beharginekin, greba egunen harira. Dena den, salatu dutenez, Nafarroako langileak Arabako lantegietara lanera bidaltzen hasi da enpresa, arabarren greba eskubidea bera ere "kolokan jarriz". 

Borrokan jarraituko dute, baina. Gabonen atarian, bezeroei zein bezero posibleei haien egoera azaltzen saiatuko dira lantegietan; abenduaren 19an, elkarretaratze intentsiboa egingo dute; eta abenduaren 20an, Bilbora (Bizkaia) mugituko dira, Elecnor eta Telefonicaren egoitza aurrean protesta egiteko.