AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/12 12:56

Burlatan (Iruñerria, Nafarroa) berehalako desalojo arriskuan jarraitzen du Gaztetxeak, udalak ez baitu nahi "proiektuaren biziraupena bermatzeko neurririk hartu", bertako kideek salatu dutenez. "Udalak berak onartu du borondate kontua dela; ez duela borondaterik Gaztetxeko proiektuaren beharrei erantzuteko", diote. Horiek horrela, EH Bildu buru duen udalak atzera bota ditu Burlatako Gazte Asanbladak, Gaztetxea desagertu ez dadin, planteatutako aukerak. Gazteek "behin eta berriro moldatu" behar izan dituzte euren eskaerak, baina, hala ere, udalak ez du Gaztetxeak jarraipen bat izateko konponbide bat adostu nahi.

"Negoziazioaren bideak ez du zentzurik horren emaitzak oinarriak jartzen baditu proiektuaren desagerpenerako", azaldu du asanbladak. Eta hori gutxi balitz, Gaztetxea mantentzeko irtenbide egokiei uko egiteaz gain, udalak negoziazioa baliatu nahi izan du Burlatako Gazte Asanbladak propaganda politikoa egiteko duen eskubidea murrizteko, xantaiaren bidez. Askatasun politikoen aurkako erasotzat jo du hori asanbladak, eta argitu du ezin duela onartu Gaztetxearen beharrei erantzuten ez dien edo askatasun politikoak urratzen dituen udalaren proposamenik.

Dena den, Gazte Asanbladak buru-belarri jarraitzen du Gaztetxearen etorkizuna ziurtatzeko aukera baten alde lanean, proposamen berriak mahaira ateratzen. Udalari exijitu dio erantzun bat eman diezaiola ostiral honetarako, martxoaren 14rako; izan ere, udal-gobernuak eskatu du martxoaren 15erako hustu dadila Burlatako Gaztetxea, Nogalera 2025 proiektuari lotutako lanak aitzakiatzat hartuta. "Orain pilota haien teilatuan dago", seinalatu dute asanbladako kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK