Amaitu dira 2025eko Herri Unibertsitateak. Ikasle-mugimenduak 11. urtez eraman du aurrera ekimena, eta Euskal Herriko sei campusetan antolatu ditu egitarauak edizio honetan: Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Bilboko (Bizkaia), Gasteizko (Araba), Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa), Leioako (Bizkaia) eta Eibarko (Gipuzkoa) campusetan, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Iruñean. Asteartetik ostegunera bitartean izan dira Herri Unibertsitate guztiak, eta hainbat egunez, ehunka ikasle elkartu dira tokian toki, eztabaida eta formakuntza politikoa ardatz izan duten egitarauetan.
Hitzaldiak, mahai-inguruak, aisialdiko eskaintza... Aukera zabala izan da Herri Unibertsitateetan, eta aktualitateko hamaika auzi landu ahal izan dituzte ikasleek bertan antolatutako saioetan: gerra eta Europar Batasunaren berrarmatzea, hezkuntza-problematika eta ikasle-mugimenduaren erronkak, sexu-industria, arte sozialista, adimenaren merkantilizazioa, historiaren ulerkera materialista, arkitektura kapitalista, zibersegurtasuna, energia berriztagarriak, ekonomiako graduen gainbehera, kirolaren negozioa eta abar luze bat.
Horretaz gain, hainbat tailerrez eta aisialdi-ekintzaz gozatu ahal izan dute: argazkilaritzaren, adimen artifizialaren edo autodefentsaren inguruko tailerrak eskaini dituzte, kirol-txapelketak, bertso- eta monologo-saioak, kontzertuak... Gainera, ikasleek itxialdiak egin dituzte gauez campusetako batzuetan, unibertsitatea hartuz.
Astearteko eta asteazkeneko egitarau oparoen ostean, atzo izan zen Herri Unibertsitateen azken eguna. Eguneko ekimenen barruan, hiru campusetan (Ibaetan, Leioan eta Gasteizen) mobilizazioak izan ziren, EHUri exijitzeko harremanak eten ditzala Israelgo Estatuarekin. Izan ere, arlo akademikoan sionistekin harremanak mantentzen ditu unibertsitateak, eta horren aurka borrokan ari dira hainbat eta hainbat ikasle eta langile.
Ikasle-mugimenduarentzako elkargune
Atzoko eguna biribiltzeko, bazkariak eta aisialdiko hainbat ekimen egin zituzten ikasleek, bai unibertsitatean bertan bai campusak kokatutako hirietan: fakultatekako edo campus mailako bazkariak, kirol-saioak, kontzertuak... Aurtengo edizioa bukatutzat emanda, Herri Unibertsitateen antolatzaileek adierazi dute "unibertsitate burgesa jopuntuan jartzen eta langileon intereserako hezkuntza eraikitzen" jarraituko dutela aurrerantzean ere.