AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Navarra Televisión
2024/12/16 23:58

Etxetresna elektrikoak ekoizten dituzte BSH enpresak Eskirotzen (Nafarroa) duen fabrikan, baina arrisku larrian daude beharginak une honetan: enpresako zuzendaritzak atzo azaldu zuen lantokia zarratu nahi duela sei hilabeteko epean, plantillari e-mailez bidalitako mezu batean. Gaur egun, 655 langile aritzen dira bertan soldatapean; 500 dira ekoizpenean, eta bulegoetan egiten dute lan gainerakoek.

Zuzendaritzak 2025eko ekainean itxi nahi du Eskirotzen daukan fabrika, eta, bitartean, enplegu-erregulazioko espedientearen inguruan hitz egiteko asmoa omen dauka; "bereziki, langileen ordezkari legalekin". Etxetresnak ekoizten jarraitu beharko dute beharginek hurrengo sei hilabeteetan, eta ekainean hasiko da euren kaleratze masiboa ekarriko duen espedientearen negoziazioa.

60.000 langile eta deslokalizazioa

Erabakia justifikatzeko, zuzendaritzak esan du Eskirotzeko lantegia ez dela "lehiakorra", "hobekuntza-neurri ugari" ezarri dituen arren. Beste bi lantegi ere baditu Nafarroan: biltegiratze-zentro bat Villatuertan eta zerbitzu-zentro bat Uharten. Etxetresnak ekoizten dituen enpresa handienetako bat da munduan, 37 lantokirekin, 60.000 langilerekin eta 14.890 milioi euroko fakturazioarekin iaz.

2023an eta 2024an ezarri zituen zuzendaritzak enplegu-erregulazioko hainbat espediente, langile-batzordeak ekainean salatu zuenez. Hain zuzen ere, espediente horietako bat 2025eko urtarrilaren 31ra arte egongo da indarrean. Nafarroako ekoizpena apurka husten ari zela esan zuten langileek udan, deslokalizazio nabarmen bat seinalatuz: besteak beste, jarduera Turkian eta Polonian nagusitzen ari dela ohartarazi zuten, non soldatak askoz ere txikiagoak baitiren.

Erantzunak

Eskirotzeko lantegiaren itxieraren kontra agertu dira sindikatuak, baina inbertsio publiko handiagoa eta erakunde publikoen inplikazioa eskatzera mugatu dira. Esaterako, UGTko Lorenzo Riosek adierazi du "enpresan inbertitu" behar dela "eraginkortasun energetiko handiagoa bilatzeko", eta ELAk Nafarroako Gobernuari eskatu dio enpleguak mantentzeko plan bat topa dezala. Nafarroako Gobernuak adierazi du "besoz beso" jardungo duela "enpresarekin eta plantillarekin", "jarraitutasun posible bati" begira.

EZ DAGO IRUZKINIK