Aurreko astelehenean, Europar Batasunaren migrazio-politikarako jarrera "dual" bat defendatu zuen Magnus Brunner Barne eta Migrazio Gaietarako Europako komisarioak: migrazio irregularra kontrolatzea, batetik, eta legezko migrazioa sustatzea, bestetik. Ekonomia Berria foroak antolatutako gosari batean, Brunnerrek azaldu zuen Europar Batasuna lanean ari dela "migratzaileen jatorrizko herrialdeekiko eta igarobideekiko lankidetza indartzeko, egoera irregularrean dauden etorkinentzako itzulera-neurriak areagotzeko eta Frontex Europako Mugen Agentzia indartzeko". Aplikatzen ari diren murrizketak gorabehera, komisarioak nabarmendu zuen "modu etsian" behar direla pertsona migratzaileak, "Europako lan-merkatuetan dauden hutsuneak betetzeko". Ildo horretan, azpimarratu zuen "aldea" dagoela "behar dugun legezko migrazio baten eta aurre egin behar diogun beste migrazio baten" artean.
Europako krisi demografikoak eragindako kezka gero eta handiagoaren esparruan, zeina jaiotza-tasa baxuetan eta biztanleriaren zahartze bizkorrean islatzen den, Brunner bat etorri da kontinenteko biztanleriaren beherakadaren ondorio negatiboei buruz ohartarazten duten hainbat aditurekin. Eurostaten azken proiekzioen arabera, migrazioa geldituko balitz, heren bat baino gehiago murriztu liteke Europar Batasuneko biztanleria 2100. urterako.
Joera horrek aurrekaririk gabeko erronka ekonomikoak sortuko lituzke: biztanleria aktiboa hainbeste murrizteak presio handiagoa eragingo luke pentsio-sistemetan eta osasun-zerbitzuetan, biztanleria zahartuari ematen zaion arretaren kostu gero eta handiagoek agerian uzten duten bezala. Brunnerren esanetan, immigraziorik gabe, Europak "hazkunde ekonomikoaren dezelerazio larriari eta adinekoen zaintza finantzatzeko zergen igoerari aurre egin beharko lieke". Gainera, ikerketa batzuen arabera, immigrazioak berak ere ez du arazoa erabat estaltzen, atzerriko lan-indarraren etorrerak beherakada atzeratu edo moteldu besterik ez baitu egiten.
Lankidetza estatuen artean
Aipatutako ekitaldian, Brunnerrek Atlantikoaz gaindiko harremanen garrantziaz ere hitz egin zuen, eta argitu zuen, Ukrainako bake-negoziazioetan Europar Batasunaren bazterketak areagotutako tentsioak gorabehera, "denek uste dutela AEBen eta Batasunaren arteko lankidetza indartu egin behar dela".
Espainiako Estatuari begira, Fronte Polisarioko ordezkari Abdulah Arabik zalantzan jarri zuen komisarioa, Europar Batasunarekin migrazio-akordioak dituzten herrialdeetan izaten diren giza-eskubideen urraketak gogoan izanik; bereziki, Marokori erreferentzia eginez. Brunnerrek defendatu zuen Batasunak ezin duela "norekin lan egin aukeratu", eta Maroko "bazkide fidagarritzat" jo zuen Bruselatik "migrazio irregularraren maneiua" esaten dioten horretan; hau da, Europara iritsi nahi duen baina Europak nahi ez duen jendeari eusteko lan horretan. Hala, aldiro izaten dira Melillako sarraskia bezalako tragediak.
Europar Batasuna, neurri berriak ezartzeko prest
Bestalde, Espainiako Estaturako migrazio-ibilbideek, batez ere Kanariar Uharteetan, gai nagusietako bat izaten jarraitzen dute eztabaidetan. Brunnerren arabera, "irtenbide batzuk herrialdearen barruan kudeatu behar dira", inoren kargura ez dauden adingabeak autonomia erkidegoen artean birbanatzeko akordioei erreferentzia eginez. Europa mailan, Brunnerrek aurreratu zuen Europar Batasunak Barne Segurtasunerako Estrategia berri bat aurkeztuko duela martxoaren amaieran, "krimen antolatua, terrorismoa eta polizia-lankidetza" ardatz hartuta.
Horretaz gain, deportazioei buruzko arau-erreforma bat aurkeztuko omen du Batasunak, estatu kide batzuen kritikak baretzea helburu duena. Migrazioaren gaiak zatiketa sortzen jarraitzen badu ere, espektro politiko instituzional osoko adituak bat datoz esatean Europak bere migrazio-politikak erreformatu behar dituela, krisi demografikoari eta migrazio-fluxu gero eta konplexuagoei aurre egiteko.
Meloni eredu
Komisarioa baikor agertu da, bestalde, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroaren eskutik Asilori eta Migrazioari buruzko Itunaren ezarpenean izandako "aurrerapenak" direla-eta. "Italia funtsezko kide bat da [Europako] Batzordearentzat migrazioaren kudeaketan", aldarrikatu zuen Brunnerrek herrialdera asteartean egindako bisitan. Barne-tentsioak eta migrazioaren kudeaketari buruzko kritikak gorabehera, Brunnerrek adierazi zuen "ahal den guztia" egingo dutela "itunaren ezarpena arintzeko", batez ere pertsona migratzaileak deportatzeko mekanismoei dagokienez.