Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleakek irailaren 3an eman zuten 2021eko Gazte Topagune Sozialistaren berri. Aurten Altsasu (Nafarroa) hautatu dute elkargune gisa, antolakuntza komunistaren aldeko indarrak batzeko borrokan beste urrats bat egiteko asmoz. Bost egunerako egitaraua prestatu dute IAko eta GKSko kideek, hainbat auzi politikoren inguruko hausnarketa eta aisialdirako eskaintza zabala oinarri hartuta, besteak beste.
Gaur, urriaren 8an, gazte andana bertaratu da Altsasura arratsaldeko aurreneko ordurako, motxilak, kanpinak eta bestelakoak gainean hartuta. Akanpalekuan lotarako tokiak egokitu ostean, Topagunerako prestatutako gune desberdinak ezagutzeko aukera izan dute gazteek; aurreko egunetan egin dituzte muntaketa eta prestaketa lanak hainbat eta hainbat militantek.
Afaldu eta gero, aldiz, hasiera eman diote egitarauari: Gune Nagusian umore ikuskizuna eskaini dute Antton Telleriak, Mikel Laskurainek, Maria Blancok eta Julen Portillok, eta Sutegian musika emanaldiak izan dira Leire Etxezarreta abeslariaren eta Soinu Beltzak taldearen eskutik. Gaurkoa, ordea, lotarako eta indarrak hartzeko gaua izango da batez ere: lau egun luze dituzte aurretik ehunka eta ehunka gaztek.
Bihar hitzaldiak, olinpiadak eta emanaldiak
Bihar goizean goiz hasiko dira ekitaldiak. 10:00etan hasiko da Krisi kapitalista eta estrategia sozialista berriaren oinarriak hitzaldia, Gune Nagusian. Bi zatitan egingo dute saioa, dena den: 11:30era bitartean izango da lehenengo zatia, eta 12:00etan hasiko da bigarrena.
Arratsaldean Olinpiadak jokatuko dituzte Altsasuko hainbat gunetan, eta besteak beste, pilotan, palan, musean, xakean, futbolean, saskibaloian, herri kiroletan nahiz orientazioan aritzeko aukera izango da. Gauean izango da Olinpiadetako sari banaketa, Gune Nagusian.
Horretaz gain, baina, musika emanaldiak eskainiko dituzte Sutegian, 16:30ean hasita. Raimundo el Canastero, Saguzarrak, Petti eta Hegazkin igoko dira oholtzara gauerdira bitartean. Gune Nagusian, bestalde, bertso-ikuskizun berezi bat izango da 23:00etan: Ez du gureak egingo. Bertso zaharrak eta berriak gaurkoari atzo jarriak.