AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Bost eguneko grebari ekin diote Andoaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek
Lan-baldintzak hobetzea eskatzeko protesta ziklo bat egin zuten langileek uztailean, baina egoerak berdin jarraitzen duela diote.
2021eko irailaren 6
Bost eguneko grebari ekin diote Andoaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek

Lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat lortzeko, Andoaingo (Gipuzkoa) etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek bost eguneko greba hasi dute gaur, eta hainbat mobilizazio iragarri dituzte aste honetarako. Guztira 25 beharginek egiten dute lan Andoaingo zerbitzu horretan.

Eulen Servicios Sociosanitarios enpresak kudeatzen du zerbitzua, eta lan-baldintzak hobetzeko beharginek egin dituzten eskaerei uko egin diete zuzendaritzako kideek. Hori dela eta, uztailean hainbat mobilizazio eta protesta egin zituzten langileek, baina enpresako zuzendaritzak jarrera berarekin jarraitzen duela ikusita, grebara jotzea erabaki dute langileek.

Egunero elkarretaratzea egingo dute langileek Andoaingo udaletxearen aurrean, 11:30ean; izan ere, Eulen enpresaz gain, Andoaingo Udala (PSE-EE eta EAJ) ere jotzen dute haien egoeraren erantzuletzat beharginek.

Abendutik hitzarmenik gabe

Sektoreko hitzarmen kolektiboa 2020ko abenduan agortu zen, eta ordutik Eulen enpresarekin eta Andoaingo Udalarekin biltzen ari dira langileak baldintzak adosteko. Hitzarmena, baina, osatu eta sinatu gabe dago oraindik.