Nafarroako Volkswagen enpresak mutualitate pribatu bat kontratatu berri du, gaixotasun arruntekin lotutako bajak kudeatu ditzan. Orain artean osasun sistema publikoak egin du lan hori. Enpresako langileen ustez, haien bajak enpresa pribatu baten esku egonda, "prebentzioa eta langileen osasuna eta bizitza hobetu beharrean, kontrola eta presioa areagotu nahi ditu" enpresak, "langileak gaixorik joan daitezen lantokira".
Volkswagenen erabakiaren aurrean, eta langileen osasun eskubidearen aurka egiten duelakoan, greba deialdia egin du enpresako langileen batzordeak. Zehazki, abenduaren 17an, 18an, 19an, 20an eta 23an lanuzteak egitera deitu dute.
Ofentsiba
Nafarroako Volkswagenen jokabideak behin eta berriz gobernuen eta aparatu judizialen aldetik datozten langileen osasunaren aurkako erasoekin bat egiten du, patronalaren interesak sustatuz.
Aurreko urteetan hainbat dekretu onartu dituzte Espainiako Estatuan, lanpostuekin lotutako halabeharrak (lan istripuak, gaixotasunak...) kudeatzerako orduan, mutualitateen eskumena, eta beraz, negozioa handitzeko. Hala, enpresa pribatu horiek arduratuko lirateke gaixotasunaren jatorria zehazteaz, baja eta laguntza ekonomikoa emateaz, osasun arreta eskaintzeaz, eta azkenik, alta emateaz edota alta proposatzeaz.
Auzitegiak ere nabarmendu dira langileen lan baldintzen auzian, osasunari dagokionean. Auzitegi Konstituzionalakaurrekari bat jarri zuen iragan urrian, lanean egindako hutsegiteak langileak kaleratzeko kausa izan daitezen, gaixotasunak tartean izanda ere.