AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Piketeak gaur, Bizkaiko metalgintzan. ARGAZKIA / LAB
2022/11/28 10:14

Greba eguna da gaurkoa Bizkaiko metalgintzan, Espainiako Estatu osoko Correos banaketa-zerbitzuan eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Amazonen. Bizkaiko metaleko beharginek gaur ekin diote bost eguneko greba berri bati, eta Correoseko eta Amazoneko langileek Cyber Monday deituriko eguna baliatu dute egun osoko lanuzte bat egiteko; online erosketak sustatzeko egun modura dago jarrita gaurkoa.

Huts egin du berriz Bizkaiko metaleko hitzarmenaren inguruko negoziaketa-mahaiak. Joan den ostiralean bildu ziren azkenekoz FVEM patronala eta langileen ordezkariak, baina momentuz ez dago akordiorik. Patronalak eskaintza bat egin zuen, zenbait soldata-igoera txiki jasotzen zituena; %6,5ekoa 2022rako, %3,5ekoa 2023rako, %2,5ekoa 2024rako eta %1,5ekoa 2025rako. Sindikatuek atzera bota zuten proposamena, eta "iruzurra antzeztea" egotzi zioten patronalari. Hala, greba deialdia mantendu dute, eta gaur egingo dute asteko aurreneko lanuztea beharginek.

Urteko hirugarren grebaldia da honakoa Bizkaiko metalgintzan. Trapagarango (Bizkaia) Productos Tubulares lantegian hasi dira gaurko piketeak, eta ez da langilerik sartu. Amazonek ondoan duen lantokira mugitu dituzte gero piketeak, eta bat egin dute metaleko eta Amazoneko beharginek. Ertzaintzaren hainbat furgoi bertaratu dira.

Hitzarmen propio baten alde ari dira borrokan Amazoneko langileak. Sektoreko "errealitatera" eta "ezaugarrietara" egokituko den itun propio bat nahi dute, eta jasaten duten "prekaritatea" salatzeko ere jo dute grebara. Besteak beste, azpimarratu dute asteburu ugaritan egin behar izaten dutela lan, eta horrek "kaltea" dakarrela "bizitza sozial eta familiarrean".

Correoseko beharginek ere salatu dute "prekaritatea nagusitu" dela zerbitzuan: "orain egiten diren kontratuak lanaldi partzialekoak dira, ordutegi txarrekin, familia kontziliazioa eragozten dutenak, eta azken urteetan eros ahalmena galdu dugu". Azaldu dute, bereziki larria dela bulegoetako langileen egoera: "sartzen diren berriei lau orduko lanaldia ezartzen diete baina gero ordu osagarriak ezartzen dizkiete", lanordu horiek noiz egin beharko dituzten eta zenbatekoak izango diren zehaztu gabe.

EZ DAGO IRUZKINIK