AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/30 08:45

Gazteen kriminalizazioak eta infantilizazioak mila aurpegi ditu gaur egun. Ohikoak bilakatu dira azken urteetan gazteen politizazio maila, kulturizazioa edo antzerakoak gutxiesten dituzten diskurtsoak. Dena den, hainbat eta hainbat dira gazteen potentzial politikoaren berri ematen duten ikerketak zein datuak.

Kulturizazio mailari dagokionean, ikusten da hainbat urtez jarraian gazteena izan dela denbora librean gehien irakurri duen adin-taldea. Espainiako Gobernuaren Hezkuntza Ministerioak maiatzean argitaratutako datuen arabera, 14 eta 25 urte bitartekoen %74k irakurtzen dituzte liburuak interes propioz, eta 25 urtetik 65era bitartekoen artean, berriz, %65,8k. Horrez gain, Espainiako Estistika Institutuak (INE) emandako datuek diotenez, kultur-ekimenetan parte hartzen duten gazteen ehunekoa %77,64koa da; eta 65 urtetik beherako helduena, ordea, 65,52 puntukoa.

14 eta 25 urte bitartekoen %74k irakurtzen dituzte liburuak interes propioz, eta 25 urtetik 65era bitartekoen artean, berriz, %65,8k

Politikaren alorrak ere zeresana eman du. Kasu honetan, politikaren kontzeptuaren sinplifikazio batetik ateratzen dira gazteen ustezko "interes falta" adieraz dezaketen datuak. Izan ere, Espainiako Estatuan, gazteena da abstentzio mailarik altuena duen adin-taldea. 2023ko datuen arabera, 29 urtetik beherakoek, zaharragoek baino %8,3 gutxiago bozkatu zuten proportzioan hauteskundeetan, eta 2019an, berriz, %6,6 gutxiago.

Politikaren kontzeptua zabaltzen badugu, ordea, esanguratsua da Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) ideologiaren inguruan eginiko galdetegi batean ikusten dena: gutxienez lau gaztetik batek muturreko ideologietan kokatzen du bere burua, eta ezker muturrekoek hartzen dute horien gehiengoa, aipatutakoen %73arekin.

Aurrekoari gehituta, auzi politikoetan gazteen joerak aztertzeko asmoz Espainiako Gazteriaren Behatokiak eginiko ikerketa batek honakoa erakusten du: batetik, abstentzio mailekin bat etorrita, Kongresuarengan eta alderdi politikoengan gazteek daukaten konfiantza baloratzean, ikusten da hurrenez hurren %16k eta %11k bakarrik ematen dutela aldeko erantzunen bat.

Kongresuarengan eta alderdi politikoengan gazteek daukaten konfiantza baloratzean, ikusten da hurrenez hurren %16k eta %11k bakarrik ematen dutela aldeko erantzunen bat

Bestetik, gazteen %2k soilik uste dute gizartea bere horretan ondo dagoela, baina aldiz, 2005az geroztik, gizarteak "aldaketa erradikal bat" beharko zukeenaren aldekoak %6tik %32 izatera pasatu dira. Hau da, boskoiztu baino gehiago egin da gizartea iraultzeko beharra dagoela uste duten gazteen proportzioa.

Politikarekiko interesaren erakusle diren indizeek gora egin dute oro har, gainera. Txostenaren arabera, batez beste %44 hazi da politikarekiko interesa duten gazteen proportzioa.

EZ DAGO IRUZKINIK