AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/23 10:28

Ostiralean jakin zen Nafarroako Justizia Auzitegiak zein sententzia eman duen Aroztegiko zazpi auzipetuen kontra: ez dituzte espetxeratuko, baina ia 10.000 eurorainoko isunak ezarri dizkiete bakoitzari, "bortxaz" nahiz "intimidazioz" Aroztegiko makroproiektuaren obrak eragoztea leporatuta. Ebazpena mahai gainean izanda, agerraldi bat egin zuen atzo Aroztegiko Elkartasun Komiteak, eta azpimarratu zuen "argi-ilun aunitz" dituela sententziak.

Gogorarazi zuen azkenean ez dietela auzipetuei "talde kriminal" bateko kide izatea egotzi, nahiz eta Palacio de Arozteguia SM enpresak eta fiskaltzak hala eskatu zuten. Hortaz, akusazio horri dagokionez, oraingoz absoluzioa lortu dutela azaldu zuten agerraldian: "Zazpi herritar kartzela-zigorraren mamuaz libratzeaz gain, Euskal Herriko antolakuntza demokratikoaren eta desobedientzia zibilaren kriminalizazioa saihestu dugu, baita etorkizuneko borroketan aurrekari arriskutsu horrek ekarriko lituzkeen zigortze-neurri larriak ere. Beraz, herri-mugimenduetatik, gaur badugu zer ospatu".

Horrekin batera, enpresa salatzaileak "gure gain ezarri nahi zuen bizi osorako zigor ekonomikoa" ekidin izana ere ospatu zuen komiteak: "Enpresari gure sakeletatik 43 milioiak lortzeko bidea itxi diogu. [...] aspalditik erakutsi du, herritarren kriminalizazioaren bitartez, bere helburua diru publikoa eskuratzeko bidea egitea dela [...]".

"Lortutakoa ez da kasualitatea"

Prentsaurrekoan, bestalde, azken urtean egindako lan guztia txalotu eta aldarrikatu zuten: "Sententzia hau mobilizaziorik gabe ez zen lortu izanen. Borrokatzeak eta protestak balio dutela berresten dugu". Eta gaineratu zuten: "Lortutakoa ez da kasualitatea. Herri-mugimenduaren lanari, Euskal Herriko zein bertze herrialdeetako elkartasunari eta indarrari esker izan da". 

Horrekin batera, oroitarazi zuten "epai hau herri oso baten borroka baten testuinguruan ulertu behar" dela, eta Aroztegiko auzipetuen aldeko borroka irudikatu duen "marea horia indartsu agertu" dela "otsoaren hortz zorrotzen aitzinean". Datozen asteetan ere izango dute martxan elkartasun-kanpaina bat, zigorrei aurre egin ahal izateko.

"Absoluzioa da epai justu bakarra"

Elkartasun Komiteak berriz azpimarratu zuen, Aroztegikoen aurkako prozesuan, absoluzioa zela "epai justu bakarra". "Euskal Herrian historikoki errepresioa pairatzea normalizatzera ailegatu bagara ere, edozein zigor neurrigabekoa da. Gainera, jakinik espekulatzaileak eta beren laguntzaile diren Nafarroako Gobernua eta hura sostengatzen duten alderdi politikoek ez dutela inolako ondoriorik jaso", jarraitu zuen.

Prozesua "barrabaskeria galanta" izaten ari dela ekarri zuen gogora, lau urtez luzatu dela eta "lurra defendatzeagatik" 62.000 euroko isunak jarri dizkietela aipatuz, besteak beste. "Ez da bidezkoa makroproiektu espekulatzaileak inposatzen dituztenek, ehunka urteko zuhaitzak botatzen dituztenek, errekak eta bazterrak hondatzen dituztenek, inolako ondoriorik jaso ez eta, guk, momentu batez sarraskia geldiarazi izanagatik, zigorrak pairatu behar izatea", zioten. Defendatu zuten, hala, "desobedientzia zibila ez dela delitua".

Makroproiektua ez dago geldirik

Dena den, Aroztegiko Elkartasun Komiteak ohartarazi zuen epaia ez dela irmoa, eta Lekarozko (Nafarroa) UGEP proiektuak martxan jarraitzen duela: "Behin eta berriz errepikatu dugu Aroztegiko proiektua ez dagoela geldi, guk obra momentu puntual batean gelditzea lortu bertzerik ez dugula egin, eta epai honek hori berresten du". Horiek horrela, "erantzuleei" exijitu diete proiektua "behin betiko bertan behera" utz dezatela, eta hari aurre egiteko borondatea erakutsi dute berriz: "Gaur hemen bildurik, berriz ere baieztatzen dugu gure konpromisoa. Aroztegia geldituko dugu, eta gure herriaren alde segituko dugu lanean, tinko eta elkarrekin".

EZ DAGO IRUZKINIK