Nafarroako 0-3 zikloak "abandonatuta" jarraitzen du, haur eskoletako langileek salatu dutenez. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak "zikloan izaten ari diren aurrerapenei buruz hitz egiten du", baina sektoreko langileek ez dute aldaketarik sumatu. Argi utzi zuten atzo, urriaren 24an, Nafarroako Parlamentu aurrean egin zuten elkarretaratzean: "Etengabe gezurretan ari da, eta errealitatearekin zerikusirik ez duten argazkiak egiten dihardu".
Izan ere, 2022an akordio bat sinatu zuten PSNk, EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek, Navarra Sumaren akordio-proposamenari aurre eginez. Akordioak hainbat hobekuntza eta eskaera barne hartzen zituen, hala nola, laguntzaileen kontratazioa bultzatzea edota soldata-igoerak ezartzea (2023ko urtarrilean aplikatu behar zirenak). Akordio eskasa zen hura, beharginen ustez; ez zuelako haurren eta irakasleen arteko ratiorik txikitzen, ez eta 0-3 urteko ikasketa-zikloko baldintzen unibertsalizazioa lortzeko aurrerapausorik egiten.
Aitzitik, irakasle gehiago kontratatzea baino, langileen laguntzaileen kontratazioa bultzatzea zuen helburu itunak. Irakasleek GEDAR LANGILE KAZETAri azaldu ziotenez, "lan prekarioa sortzen du" horrek, laguntzaileek eguneko lau orduko lanaldia besterik ez dute-eta, oso soldata baxuarekin. Hala eta guztiz ere, akordioa ez da bete gainera, eta lan-baldintzek ez dute onera egin.
0-3 ziklorako aurrekontua milioi bat euro handitu da, baina lan-baldintzak ez dira aldatu
2024ko Nafarroako aurrekontuen barruan, 0-3 ziklora milioi bat euro gehiago bideratzea onartu zuten iaz, baina 0-3 plataformako kideek salatu dutenez, "jantokiko laguntzaileen soldatak ez dira hezkuntzakoekin parekatu, ezta hezkuntza-errefortzuak handitu ere". Aldiz, 2 urteko haurrentzat pilotaje-programa bat abiatu du gobernuak, Arroitzen (Nafarroa) eta Iruñeko (Nafarroa) Doña Mayor eta Iturrama zentroetan. Programa hori, kontseilariaren arabera, 0-3 zikloa "zabaltzen duen neurri bat da", eta ez da "haur eskolen ereduarekin kontrajartzen".
0-3 plataformako kideen esanetan, pilotaje berri horrek ez du, kontseilariak defendatu zuen bezala, "egungo errealitatea hobetzen". Antza, zentro berezi horietako hezitzaileek lau haur artatzen dituzte (haur eskoletan, aldiz, hamasei dira), baina ratioa hobea den arren, ez dute "0-3 dekretua betetzen". Hala, haurrak espazio oso txiki batean daude, eta "30 m2 eskasetan jan, jolastu eta lo egin beharra dute, segurtasun-ekipamendurik gabe", seinalatu du 0-3 plataformak.
Borroka-ziklo berria
Hezkuntza kontseilariaren pilotaje-programa berria "tranpa bat gehiago" dela argitu dute langileek eta, bien bitartean, "doakotasunak legeak ezartzen duen gehienezko ratioaren mugara eraman" dituela. Egunerokotasuna geroz eta "jasangaitzagoa" bihurtzen ari dela diote eta, beraz, borroka-ziklo berri bat hasi dute.
Lan-baldintzak hobetzea exijitzen du 0-3 plataformak: zehazki, helburu nagusia da irakasle eta haurren arteko ratioak txikitzea. Horretarako, "funtsezkoa da antolatzea, kaleak okupatzea eta senti gaitzaten ikusaraztea", nabarmendu zuten Nafarroako Parlamentu aurrean egindako elkarretaratzean.