Atzo ekin zioten greba mugagabeari EITBk Miramonen (Donostia, Gipuzkoa) daukan egoitzan makillaje eta ile-apainketa lanetan aritzen diren beharginek: erabatekoa izan zen jarraipena. Elkarretaratze bat egin zuten egoitza aurrean, Subrogazioa orain! lelopean. Izan ere, horixe da langileen aldarri nagusia: euren lanpostuak subrogatzea eta mantentzea exijitzen dute, baita euren lan-baldintzak hobetzea ere.
Apirilaren 14tik aurrera, enpresa berri baten esku geratuko da makillaje eta ile-apainketa zerbitzua. Dena den, arriskuan daude gaur egungo langileak, EITBk azpikontratatuko duen enpresari markatu dizkion derrigorrezko baldintzetan ez baita aipatzen lanpostuen subrogazioa; nahiz eta azpikontratatutako beste enpresa batzuk bai behartzen dituen horretara. Oraingoz, enpresa berriak ez du borondaterik erakutsi plantilla mantentzeko. Langileak, euren postuak galduko ez dituztela ziurtatu arte, greba mugagabean izango dira.
Hitzarmen berri baten alde Aianoxen
Murgako (Araba) Aianox lantegian ere greba-eguna izan zen atzokoa, eta bertan ere langile guztiak batu ziren deialdira. Zabalik jarraitzen dute lan-itun berriari buruzko negoziazioek, eta lan-baldintzak hobetzeko aldarria indartu nahi du plantillak lanuzteen bidez; enpresako zuzendaritzak, oraingoz, ez baitie erantzun sindikatuek egindako gutxieneko eskaerei.
Beharginen exijentzien artean dago soldatak igotzea (azken lau urteetan erosahalmenaren %14 galdu dutela diote), fabrikan denbora gutxiago igaro behar izatea (gehienezko lanaldia betetzen daramatzate ia bi hamarkada) eta mediku-bajei lotutako urraketak gelditzea (badirudi enpresak prestazioak murriztu nahi dituela baja hilabetetik gorakoa denean). Atzoko lanuztearen ostean, bihar ere egingo dute greba langileek; euren asmoa da, eskakizunak bete arte, asteartero eta ostegunero jotzea lanuztera.
Itxieraren mamua Guardianen eta Balenciagan
Zumaiako (Gipuzkoa) Balenciaga ontziolan aldi baterako lan-erregulazioan dago plantilla, eta neurria hilabete honen amaieran agortuko da berez, hasieran aurreikusitako epeen arabera. Langileak behin betiko erregulazioan sartuko lirateke orduan, itxierarako behin betiko pauso bat emanez. Hala ere, azken berrien arabera, posible da aldi baterako enplegu-erregulazioa zertxobait luzatzea oraingoz, maiatzaren erdialdera arte.
Helburua da, antza denez, inbertitzaile posibleei eskaintzak aurkezteko denbora gehiago izatea, itxiera gelditzen saiatzeko. Eusko Jaurlaritzak esan izan du elkarrizketak izaten ari dela balizko inbertitzaile batzuekin, baina, oraingoz, ez dago aterabide errealik mahai gainean. 71 langile zuzenek eta azpikontratatutako 200 inguruk jarduten dute Balenciagan.
Laudioko (Araba) Guardianen, bestalde, badirudi are gehiago iluntzen ari dela etorkizunerako ikuspegia: sindikatuek diote "itxaropena galdu" dutela, eta hamar-hamabost eguneko epean, lan-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldia amaitzen denean alegia, "kalean egongo direla" langileak.
Enpresako zuzendaritzak, Jaurlaritzak nahiz udalak behin eta berriz hitz egin dute itxiera etengo luketen inbertitzaileei buruz, baina Balenciagaren kasuan bezala, gaur-gaurkoz, ez dago Guardian bere gain hartuko lukeen inbertitzailearen izenik. Hori gutxi balitz, inbertitzaileren bat egongo balitz ere, Guardianek ez lioke eskatuko gaur egungo plantilla mantentzeko.
Sindikatuek diote ezinezkoa dela beharginak birkokatzen saiatzea, eta, beraz, kaleratzeengatiko "konpentsazio ekonomikorik onena" negoziatzera mugatuko direla. Urtarrilaren amaieran itxi zuten Laudioko fabrika, ia inolako oposiziorik gabe. 170 langile baino gehiago geratuko dira kalean.