AKTUALITATEA / Preso politikoak
Borroka irabazi dute Garikoitz Etxeberriak eta gose greban zeuden gainerako zazpi preso politikoek
Zaballako modulu arrunt batera lekualdatuko dutela jakinarazi diote lizartzarrari. Aurreko asteazkenean ekin zion gose grebari eta, berekin elkartasunez, baraualdiarekin bat egin zuten beste zazpi preso politikok.
2023eko apirilaren 25
Borroka irabazi dute Garikoitz Etxeberriak eta gose greban zeuden gainerako zazpi preso politikoek

Garaipena gose greban zeuden zortzi preso politikoentzat: modulu arrunt batera tokialdatuko dute Garikoitz Etxeberria, kartzelako autoritateek ziurtatu diotenez. Hori hala bada, lizartzarrak ez du ziega bat bikoiztu eta partitu beharko, eta bertan behera utzi du, beraz, aurreko astean abiatutako protesta. "Beste behin ere borrokak eta Garirekin batera mobilizatu diren presoen elkartasunak emaitzak eman ditu", esan du Tinko antolakundeak.

Etxeberriak aurreko asteazkenean, apirilaren 19an, hasi zuen gose greba, hainbat egunez patio-orduei uko egin ondoren. Apirilaren 14an mugitu zuten Dueñasetik (Palentzia) Zaballara (Araba), eta zelda partekatu beharko zuela jakinarazi zioten. Uko egin zion horri, "ziegan bakarrik zein binaka bizitzea" erabaki ahal izateko aukera aldarrikatuta. Zigor modura, isolamenduan sartu zuten orduan. Horren harira eta protesta gisa ekin zion patio-orduei uko egiteari, eta bakartuta jarraitzen zuela ikusita hasi zuen baraualdia hilaren 19an.

Berekin elkartasunez egin zuten bat gose grebarekin beste zazpi preso politikok Zaballan nahiz Iruñean (Nafarroa); hain justu, Josu Etxeberria, Dani Pastor, Mikel San Sebastian, Orkatz Gallastegi, Jon Kepa Preciado, Patxi Ruiz eta Aitor Cotanok. Oskar Barreras eta Jon Mirena San Pedro preso politikoek, bestalde, janariari uko egin zioten Basaurin (Bizkaia), lizartzarrari elkartasuna adierazteko.