AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ATH-ELEko kideen prentsaurrekoa, 2021eko otsailean. Argazkia: ATH-ELE
2022/02/28 17:52

Lan-baldintzen okerragotzea salatu zuen iaz Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak (ATH-ELE) eta, aurten jasotako datuak esku artean dituela, azpimarratu du sektoreko egoerak ez duela hobera egin. Oro har, irregulartasunez, ziurgabetasunez zein lan-baldintza latzez betetako sektorea dela azaleratzen dute elkartearen datuek.

ELKARTEAREN DATUAK: EGOILIARRAK ETA EZ-EGOILIARRAK

Elkarteak elkarrizketatutako langileek emandako datuak biltzen ditu txostenak; hala, ATH-ELEren aholkularitza zerbitzuak egindako inkestetatik eratorritako datuak dira nagusiki. 544 langile igaro dira aholkularitzatik eta 619 kasu bildu dituzte; horien artean, %96,77 emakumeak ziren eta %3,23, aldiz, gizonak. Egoiliarren eta ez-egoiliarren banaketari dagokionez, langileen erdia egoiliarrak ziren eta beste erdia ez-egoiliarrak.

Egoiliarren artean, ia etxeko langile guztiak ziren emakume migratuak eta soilik %22,7k zuten herritartasun bikoitza; hots, hiru laurden irregulartasun administratiboan bizi dira Euskal Herrian. Gainera, elkarteak salatu duenez, "enplegatzaile askok erroldatzeko aukera deuseztatzen" diete langileei, eta egoera horrek "langileak gehiegikerien menpe uzten ditu, pertsona askok euren etxeetan erroldatzeagatik kobratzen baitiete". Hori gutxi balitz, enplegatzaileak langileen irregulartasun egoeraz baliatzen direla eta askoren aldetik irainak zein mehatxuak —"erbesteratu egingo zaitut" bezalakoak— ohikoak direla salatu du elkarteak.

Lan-baldintzei dagokienez, elkartearen arabera, azpimarratzekoak dira atseden eza eta lanaldi luzeak, izan ere, langile egoiliarren %75 inguruk, astean 60 ordu baino gehiago eman ohi dituzte enplegatzaileen eskura. Egoera hori legez kanpokoa dela argudiatzen du elkarteak, eta jaiegun bat ere ez duten langileen kopurua hazi dela aitortu du: egoiliarren %36,51k ez du atseden egunik. Hori ez ezik, egoiliarren %40k ez du "modu jarraikorrean" gauean lo egiteko aukerarik ere izaten, menpekotasun handiko pertsonak zaindu ohi baitituzte.

Soldatei dagokienez, gutxieneko zenbatekora ere ez dira iristen sarri —lanaldiak dakartzan lanorduak kontuan hartuta—, eta egoera administratibo irregularrean dauden egoiliarren egoera are okerragoa da: %65ek ez dute 40 orduei dagokien gutxieneko soldata ere jasotzen, lanaldiak luzeagoak diren arren. Ohikoa da, bestalde, "eskura" ematea ordainsaria; egoiliarren %38k modu horretan eskuratzen dute dirua. Segurtasun falta ere salatu du elkarteak, gainera. Langile askori baja ezetsi zaie, 60 ordu baino lanaldi luzeagoek osasuna gogor kaltetzen duten arren. 

Ez-egoiliarren artean, egoera administratibo irregularrean dauden langileen kopurua txikiagoa da, %11 inguru baitira. Bestalde, egoiliarrekin alderatuta, lanaldien iraupena oso ezberdina da. Gehienek —%75,56k, hain zuzen ere— lanaldi partzialak betetzen dituzte eta, berriro ere, lan-saioari dagokion gutxieneko soldata ere ez dute jasotzen.

Kaleratzeei dagokienez, egoiliarren zein ez-egoiliarren egoera parekoa dela ikus daiteke, aurreko urtearekin alderatuta, %25 inguru hazi baitira lana galdu eta langabezia-prestazioa kobratzen ez duten langileen kasuak.

EZ DAGO IRUZKINIK