AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Bizkaiko Foru Aldundia
2024/12/23 11:45

Bizkaiko Gizarte-Ekintzako foru-diputatuak, Amaia Antxustegik, esan du aldundiaren tutoretzapeko gutxienez hiru adingaberi egin zizkietela sexu-erasoak iaz. Politikariaren esanetan, 2023an zehar, "sexu-askatasunaren kontrako delituei" buruzko hiru atestatu erregistratu zituzten. Zertxobait atzera eginez gero, kasu gehiagoren berri izan dute foru-agintaritzek: 2012tik 2017ra bitartean, 31 salaketa aurkeztu zituzten, aldundiaren tutoretzapean zeuden adin txikiko pertsonek jasandako sexu-erasoengatik.

"Bizkaiko Foru Aldundiaren mendeko adingabeen zentroetan sexu-abusuengatik jarritako salaketak" zirela-eta, PPk eskatu zuen informazioa, eta horiexek izan dira Antxustegik emandako datuak. Euskal fiskal nagusiak, Carmen Adanek, azaroaren amaieran esan zuen areagotu egin direla "adin txikikoek egindako erasoak", eta nerabeak direla nagusi biktimen artean.

Antxustegik lasaitasun-mezu bat eman nahi izan du: defendatu du ez dela "ohikoa" adingabeen zentroetan "sexu-askatasunaren aurkako delituak" gertatzea, eta ez dela "alarma sortu behar". Adin txikiko neskei egiten dizkieten sexu-erasoen harira, bai fiskalak bai foru-agintaritzek zentroen izaera mistoan jarri dute fokua.

PPk gogorarazi du, fiskaltzaren esanetan, %93 egin dutela gora adingabeen zentroetako bortxaketek, baina gazte migranteak seinalatzeko eta kriminalizatzeko probestu nahi izan du hori: arazotzat jo du Bizkaira migratzen duten pertsona adingabeen kopurua.

EZ DAGO IRUZKINIK