Aste honetan jakinarazi dutenez, itxi egin dute Bizkaian Amazonen banaketak egin izan dituen enpresetako bat: Trapagarango (Bizkaia) Vayven Delivery. 23 beharginak kalera bidali dituzte, eta ez diete lanposturik eskaini Bizkaian Amazonentzat banaketak egiten dituzten gainerako lau enpresetan.
2019an ireki zuten Trapagarango Vayven Delivery, eta ordutik arduratu da Bizkaian Amazonen banaketez. Urte hauetan guztietan, behin eta berriz salatu dute beharginek euren eskubideak urratu dituela enpresak. Langileek 2020an ekin zioten antolatzeari, euren lan-baldintzen defentsan. Hauteskunde sindikalak egin zituzten, eta hainbat eraso sistematiko salatu dituzte ordutik: lan-egutegirik ez izatea, enpresak azpikotizazioak aplikatzea, egunean 11 ordu baino gehiagoko lanaldiak edukitzea, lanaldi batetik bestera 12 ordu baino gutxiagoko atsedenak izatea, eta abar.
LAB sindikatuak azaldu izan duenez, enpresak Espainiako Estatuko Mezularitza Hitzarmena ezartzen zien langileei, eta Bizkaiko Errepideko Garraio Hitzarmena indarrean sartzeko eskatu zuten haiek. Epaile batek langileei arrazoia emanda eta zegokien hitzarmena aplikatuta, hilean 800 euro baino gehiagoko soldata-igoera bat lortu zuten. Borroka-prozesu horretan, enpresak behin eta berriz egin die mehatxu langileei, lantokia itxiko zuela esanez. Eta azkenean, hala izan da.
Vayven Deliveryko zuzendaritzak joan den abuztuan jakinarazi zien langileen ordezkariei enplegu-erregulazioko espediente bat ezarriko zuela, Amazonek kontratua bertan behera utzi zuela esanez. Beharginek salatu dute mendeku bat izan dela enpresaren aldetik, eta Amazon ere horren konplize dela. Azpikontratazioekin berdin jokatzen du beti Amazonek, langileek seinalatu dutenez: urtebeteko kontratuak baino ez ditu sinatzen azpikontratatutako enpresekin, zerbait atsegin ez badu, kontratazioa azkar eten ahal izateko.
Berdina Kantabrian
Antzeko kasu bat atera zen argitara joan den irailean: Kantabrian, behargin guztiak kaleratu zituen Amazonen banaketa-enpresak, At Operaliak, eta beste enpresa bat kontratatu zuen. Euren lan-baldintzak hobetzeko, At Operaliako langileek hiru urtez egin dute borroka, eta kaleratze masiboa horrekin lotu dute.