Autopsiaren atariko emaitzak soilik jakinarazi dizkiete Zaballan eraildako preso baten senideei

Aurten gutxienez lau preso hil dituzte Zaballako espetxean; guztiak, 30 urtetik beherakoak. Xabier Gonzalez da zenduetako bat, eta haren senideek salatu dute "faltsuak" direla Espainiako Gobernuak argitaratu dituen datuak. Autopsiaren atariko emaitzak baino ez dituzte jaso senideek, eta maiatzean salatu zuten Gonzalezen gorpua erraustu zutela aurreneko autopsiaren emaitza osoak izan aurretik.
Argazki Nagusia
Argazkia: El Correo
2019ko uztailaren 13a

2019. urtea hasi zenetik, gutxienez lau pertsona erail dituzte Zaballako (Araba) presondegian; bat urtarrilean, beste bat otsailean, eta beste bi apirilean. Espainiako Gobernuaren arabera, 22, 24, 30 eta 28 urte zituzten; eta gobernuak argitaratutako behin-behineko datuen arabera, beren buruaz beste egin zuten haietako bik, eta drogen ondorioz hil ziren beste biak.

Lau puntu orri batean

Xabier Gonzalez da zenduetako bat. Haren senideek eta Salhaketa taldeak salatu dute "faltsuak" direla gobernuak kaleratu dituen datuak. Autopsiaren atariko emaitzak irakurtzeko aukera baino ez dute izan senideek; orri bateko agiria, hain zuzen. Lau puntu jasotzen ditu dokumentuak: Gonzalezen heriotzak "jatorri zehaztugabea" duela; "heriotzaren funtsezko arrazoia ikertzeke" dagoela oraindik; "heriotzaren bat-bateko arrazoia arnasaren hutsegitea" izan zela, eta heriotzaren eguna eta ordua.

Hala, Gonzalez hil izanaren ustezko arrazoi ofiziala, droga, aipatu ere ez dute egiten behin-behineko emaitzetan. Apirilaren 26an osatu zuten agiria, eta ordundik, senideek ez dute berririk izan. Bestalde, maiatzean salatu zuten Gonzalezen gorpua erraustu zutela aurreneko autopsiaren emaitza osoak izan aurretik.

Bi urte eta hiru hilabete egin zituen Zaballan preso Gonzalezek, eta senideek azaldu zuten alabak ikustea ukatu ziotela denbora horretan guztian; zenbait kasutan, baita bikotea ikustea ere.