Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster preso politikoak Aranjuezera lekualdatzea erabaki du Espetxe Zuzendaritzak

Hautuarekin aurrera eginez gero, Valentziako Picassent espetxetik Madrilgo Aranjuezera mugituko dituzte Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster preso politikoak. Aurreko igandean hiru urte bete zituen haien alabak; hortaz, Espetxe Legearen aginduz, aurrerantzean ezingo du gurasoekin kartzelan bizi. 2009. urtean atxilotu zituzten oriotarra eta usurbildarra, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak 12 urteko espetxe zigorra ezarri zien biei.
Argazki Nagusia
Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster.
2020ko urtarrilaren 23a
Espainiako Espetxe Zuzendaritzak atzo, urtarrilak 22, jakinarazi zuen lekualdatu egingo dituztela Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster preso politikoak. Erabakiarekin aurrera eginez gero, Picassent kartzelatik (Valentzia) Aranjuezera (Madril) mugituko dituzte oriotarra eta usurbildarra. 2009. urtean atxilotu zituzten Usurbilen, eta 2011. urtean, 12 urteko espetxe zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak. "Talde armatuko kide izatea eta lehergailuak izatea" egotzi zieten biei.

Espetxe Zuzendaritzak ez du argitu bi presoak lekualdatzeko erabakiak zein arrazoi duen oinarri, eta oraingoz ez du zehaztu bestelako neurririk izango den edo ez. Dena den, hainbat hedabideren arabera, erabakiaren berri ematean, Espetxe Zuzendaritzak nabarmendu zuen haur txiki baten gurasoak direla biak.

Aurreko igandean hiru urte bete zituen Urangaren eta Lasagabasterren alaba Xuak. Hortaz, Espainiako Espetxe Legeak aginduta, Picassentetik irten behar izan zuen haurrak, eta aurrerantzean, ezingo du gurasoekin presondegian bizitzen jarraitu. Usurbilen bizi da orain.

Ez da Espetxe Zuzendaritzak halako erabaki bat hartzen duen aurreneko aldia. Sona handia izan zuen Sara Majarenas presoaren eta haren alaba Izarren kasuak; izan ere, Xuak bezala, kartzela eta ama utzi behar izan zituen umeak hiru urte betetzean. Orduko hartan ere erabaki berdina hartu zuen Espetxe Zuzendaritzak, eta Majarenas Picassentetik Aranjuezera mugitzea onartu zuen.