AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/07/21 12:39

Gaur, uztailak 21, 500 behargin kaleratzeko asmoa azaldu du Tubacexek; hau da, enpresaren azken memorian aitortutako langileen %20. Adierazi duenez, langileen irteerek "talde osoari" eragingo diote, baita nazioarteko "adar garrantzitsuei" ere. Ez du zehaztu, ordea, kaleratze horien zein zati egokituko zaien Laudioko eta Amurrioko (Araba) ekoizpen-plantei. Lantegi horiez gain, Bizkaiko Parke Teknologikoan ere zenbait bulego ditu enpresak.


Murrizketa-neurri multzoaren helburua izango da 2021ean 25 milioi euroko gastuak soldaten bidez aurreztea. Gaur egun, langileen %50 daude enplegua aldi baterako eteteko egoeran, eta honakoa azaldu dute Jesus Esmoris konpainiako kontseilari ordezkariak duela gutxi esandakoaren aurrean: "Ezin da etengabe ABEE batean bizi". Beharginek "iraintzat" hartu dute zuzendaritzaren adierazpena, eta bizi duten egoeraren erdian, lekuz kanpo dagoela salatu dute. Izan ere, Laudion eta Amurrion 800 langilek jarduten dute Tubacexen lantegietan, eta oraingoz, ez dituzte murrizketen nondik norakoak ezagutzen.


Lanaren nazioarteko banaketa


Altzairu herdoilgaitzeko soldadurarik gabeko hodiak ekoizten dituzte Tubacexen, batez ere petrolioaren erauzketara bideratuta, baina baita energia ekoizteko eta produktu kimikoak prozesatzeko instalazioetarako ere. Enpresak duela gutxi esan duenez, "balio erantsi handiko produktuak kostu handiko plantetan kontratatzearen alde" egingo du, batez ere, Espainiako Estatuan, Italian eta Austrian. Bien bitartean, produktu estandarragoak Asiako kokagune merkeagoetara bideratuko ditu. Azken hilabeteetan Tubacexek lantegi berri bat zabaldu du AEBetan, eta beste hiru lantegi berri integratu ditu Saudi Arabian, Dubain eta Norvegian.