Eskularruak, maskarak, mantalak... Arrisku biologikoak presente egonik, osasun arloko langileek segurtasuna bermatzeko material ugari behar izaten dute haien lanpostuetan, ezin baitute artatuak izaten ari diren pertsonekin bi metroko distantzia mantendu. Covid-19 birusaren hedapen bizkorrak material hori azkar amaitzea ekarri du, eta langileek zein sindikatuek salatu dute baliabide horien faltan are larriagoa dela osasun zentroetan bizi duten arriskua.
Erizain bat eraila
Covid-19 birusaren kutsatzeak ustekabean harrapatu ditu Europa eta bertako osasun-sistema. Ander Goiatxek GEDAR LANGILE KAZETAn argitaratutako artikuluan azaldu zuenez, prebentziorako eta birusaren hedapena geldotzeko hartutako neurriek ez dute kutsatzea geratu, tartean, lantokietako ekoizpenarekin jarraitu izana medio.
Osasun-sistema kolapsatu egin da, eta ospitale eta osasun-zentro ezberdinetako langileen segurtasuna ere arriskuan da une honetan. Atzo, martxoak 19, 52 urteko erizain bat hil zen Basurtoko Ospitalean (Bizkaia), koronabirusak jota.