AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @ridersxderechos
2020/05/25 11:13

Larunbaterako, maiatzak 23, Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere auto karabanak deitu zituen Vox alderdiak, hiriburuak "kolapsatzea" helburu. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren arabera, 250 auto eta moto inguru elkartu ziren Iruñean (Nafarroa). Bilbon (Bizkaia) hogei auto inguru, eta Gasteizen (Araba), dozena bat. Hala, Espainiako banderak hartuta, hainbat errepide gurutzatu zituzten "Espainiaren eta bere askatasunaren alde". Besteak beste, Espainiako Gobernuaren dimisioa eskatu zuten.

Iruñean protesta antifaxistak izan ziren karabana hasi baino minutu batzuk lehenagotik, eta protestan bildutakoen aurka egin zuen Espainiako Poliziak: identifikatu eta miatu egin zituen, eta karabana babesten jardun zuen. Gasteizko karriketan ere protesta artean hartu zituzten Voxen karabanako manifestariak, eta Poliziak zenbait lagun identifikatu zituen.

Bilbon ere eguerdi aldera zeharkatu zituen errepideak Voxek deitutako karabanak. Bide Nagusitik igaro ziren manifestari faxistak, eta hainbat pertsona bildu ziren espaloietan, faxismoaren aurka protesta egiteko. Kasu horretan ere, protesta antifaxistetan bildutako hainbat pertsona identifikatu zituen Ertzaintzak.

Gainera, pertsona bat eraman zuten atxilo poliziek karabana amaitzean. Lakuako Segurtasun Sailaren arabera, udaltzainei kontra egin zien identifikatzera zihoazenean. Hala, bi udaltzaini eraso egitea egotziko diotela jakinarazi dute.