AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/07 11:11

La Sante Parisko kartzelan giltzapean jarraitu beharko du Josu Urrutikoetxeak, izan ere, Frantziako Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak atzera bota du preso politikoa baldintzapean aske uzteko eskari berria. Defentsak apirilaren 1ean egin zuen eskakizuna, eta egun berean hartu zuen erabakia auzitegiak, La Santeko medikuburuaren ziurtagiria baztertuta eta fiskaltzak eskatutakoarekin bat eginez. Dena den, ez zieten hautuaren berri eman ez Urrutikoetxeari ez haren sendiari; abokatuek jakin dute "beste bide batetik", Berria-k aditzera eman duenez.

Aurten 70 urte beteko ditu Urrutikoetxeak, eta prostatan ebakuntza egin zioten iazko irailean. La Santeko kartzelan Covid-19ak jota daude hainbat pertsona, eta hango medikuburuak Urrutikoetxea aske uztea hobetsi zuen martxoaren 28an, ziurtagiri bidez; izan ere, haren "patologia kronikoak" kontuan hartuta, koronabirusak kutsatuz gero "pronostiko latza" izan zezakeela aurreikusi zuen. Dei Auzitegiak, baina, preso mantentzea ebatzi du.

Ebakuntza egitera bidean zela atxilotu zuten iaz, Alpeetan. ETArekin lotuta bi epaiketa egingo dizkiote Frantziako Estatuan, eta Espainiako Estatuak haren aurkako bi euroagindu eta bi estradizio eskaera ditu igorrita. Frantziako Dei Auzitegiak urtarrilean onartu zuen Urrutikoetxea Espainiaratzea, baina oraindik ez zutela estraditatuko azaldu zuten; ez behintzat, Frantzian bere aurka irekita dituzten kasuak ebatzi eta zigor posibleak bete arte.