Marixol Iparragirre, Paristik Soto del Realera

Atzo Espainiaratu zuten Marixol Iparragirre. Abuztuaren 27an zigorra amaitu zuen arren, oraindik Frantziako Estatuan zuten preso, Audientzia Nazionalak eskatuta Espainiaratu bitartean. Atzo eraman zuten Audientzia Nazionalera, eta bertan, Espainiako Estatuak egozten dizkion delituak jakinarazi zizkioten.
Argazki Nagusia
Marixol Iparragirre.
2019ko irailaren 05a

Abuztuaren 27an bukatu zuen Frantziako Estatuak ezarritako zigorra Marixol Iparragirre preso politikoak. Atzora arte, baina, Parisen izan dute preso. Zigor osoa beteta, Iparragirreren etxeratzea aldarrikatu dute Eskoriatzako Presoen Aldeko Plataformak eta Donostiako Antiguako Kalera Kalerak azken egunetan, zigorra amaitu arren preso jarraitzen zuela salatzearekin batera.

Atzo Espainiaratu eta Audientzia Nazionalera eraman zuten eskoriatzarra. Bere aurkako auziak jakinarazi zizkioten bertan, eta Madrilgo Soto Del Real kartzelara eraman zuten preso ondoren. Elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Eskoriatzako plazan, Estradiziorik ez, Marixol Etxera lemapean.

Besteak beste, Luciano Cortizo Armadako komandantearen hilketagatik epaitu nahi dute Iparragirre; guztira, baina, bere aurkako hamabi auzibide dituzte irekita.

2004. urtean atxilotu zuten, Mikel Albisu Mikel Antzarekin batera. 20 urteko espetxe zigorra ezarri zieten biei. Urtarrilean estraditatu zuten Albisu, eta aske utzi zuten, ez baitzuen itxi gabeko auzirik bere gain.