AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @bomberos_na
2019/09/14 10:19

Kasedako (Nafarroa) Viscofan enpresan lan istripua izan da gaur goizaldean. Nafarroako Larrialdi Zerbitzuek gauerdian jaso dute abixua: 45 eta 54 urteko bi langile hidrogeno sulfuroa duen edukiontzi baten barnera erori dira. Euren lankideek atera dituzte edukiontzitik, eta suspertze ariketak egin dizkiete, Larrialdi Zerbitzuei jazotakoa jakinarazteaz gain. Nafarroako Larrialdi Zerbitzuko hainbat kide iristerako, zendu egin da 45 urteko langilea.

Zangotzako (Nafarroa) parkeko suhiltzaileak ere bertaratu dira enpresara. 54 urteko langilea egonkortu eta larri eraman dute ospitalera. Bestetik, autopsia egingo diote hil den langileari, Nafarroako Auzitegi Medikuntza Institutuan. Istripuaren zergatiak ikertzen ari da Nafarroako Foruzaingoa.

Langileek 24 orduko lanuztea egingo dute astelehenean, irailak 16, lankidearen hilketa salatzeko.

Gutxienez 32 erailketa Euskal Herrian

Ez du etenik eraildako langileen kontagailuak. Iraila erdialdean gaude, eta dagoeneko, gutxienez 32 dira Euskal Herrian hil dituzten beharginak. Iraila hasieran izan zen azkeneko erailketa, Lezon (Gipuzkoa).