Josu Arkauz eta Unai Parot preso politikoek 29 eta 30 urte bete dituzte espetxean

1991n eta 1990ean atxilotu zituzten Josu Arkauz eta Unai Parot arrasatearrak. Hainbatetan zigortu dituzte ETA erakundearekin eta zenbait atentaturekin lotuta; Arkauzi 115 urteko kartzela zigorra ezarri diote guztira, eta Paroti, 4.707 urtekoa. 1973ko kode penalari jarraiki, baina, zigorrak bateratu eta 30 urtean geratu ziren. Hala ere, "trikimailu desberdinak erabiliz, zigorrak luzatzeko" saiakerak bere horretan jarraitzen duela salatu zuten iragan astean. Mekanismo horien artean aipatu dituzte 'Parot Legea' delakoa edota Arkauzek Frantziako Estatuan preso egindako denbora kontuan hartu ez izana.
Argazki Nagusia
Argazkia: mondraberri.eus
2020ko martxoaren 09a

Unai Parot eta Josu Arkauz preso politiko arrasatearrek 30 eta 29 urte egin dituzte giltzapean dagoeneko. Parot 1990. urteko apirilean atxilotu zuten, eta gutxienez 27 aldiz zigortu dute, ETA erakundeak egindako hainbat atentatu leporatuta, eta "talde terroristako kide izatea" egotzita. Hala, guztira, 4.707 urteko kartzela zigorra du bere gain, eta 40 egin beharko ditu kartzelan. 61 urte ditu, eta Puerto de Santamarian dute preso, Cadizen.

Josu Arkauz, aldiz, 1991. urteko martxoan eraman zuten atxilo. ETA erakundearen zenbait atentatu eta "hondamendiak" eragin izana leporatuta, guztira, 115 urteko kartzela zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak. 26 lekualdaketa inguru jasan ostean, egun, Murtziako presondegian dute giltzaperatuta. 62 urte ditu. Haren senideek salatu izan dutenez, oraindik ez dakite noiz irten ahalko duen Arkauzek espetxetik.

Etengabeko luzatzea

Parot eta Arkauz atzeman zituztenean indarrean zegoen 1973. urteko kode penala, eta arautegi hori ezarri zitzaien. Kode penal horren arabera, zigor desberdinak bateratu egin daitezke izaera berdineko delituak badira. Hala, bereizitako epaiketetan ehunka urteko zigorrak jaso arren, elkartu eta 30 urtean geratu beharra zuen zigor osoak. Gainera, 30 urte horiei kendu egin behar zaizkie preso egindako denbora horretan lortutako erredentzioak eta zigorren murrizketa.

Dena den, Sarek iragan astean salatu du bi preso politiko arrasatearrei "ez zaiela lege arrunta ezarri", eta "etengabe trikimailu desberdinak erabiliz, zigorra luzatzen saiatu" direla; baita lortu ere.

Parot Legea

Zigorra etengabe luzatzeko mekanismoen artean, Paroti Parot Legea deiturikoa saiatu ziren ezartzen; hau da, erredentzioak gehienezko 30 urte horiei ezarri eta zenbateko horri kendu beharrean, zigor osotik (guztira 4.000 urtetik gorakoa) kentzen hastea. Emaitza argia zen: 30 urte osorik bete behar izatea.

Dena den, Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak atzera bota zuen Parot Legea. Orduan, "beste trikimailu bat asmatu eta bigarren aldiz epaitu zuten" Parot, ETAko kide izateagatik. Izatez, ezin da pertsona bat bi aldiz zigortu delitu berarengatik. Dena den, auzitegiek argudiatu zuten arrasatearra "hainbat urtetan ez zela ETAko kidea izan, eta gero berriz sartu zela erakunde horretan".

Horrekin lotuta, presoari hiru hilabetero jakinarazten diote zein gradutan sailkatu duten, eta 1. graduan sailkatzen dute beti, "ETAko kide izateagatik".

30 urte Espainiako Estatuan preso

Arkauzi dagokionean, Sarek azaldu du bereizi egin dutela arrasatearrak Frantziako Estatuan preso egindako denbora eta Espainiako Estatuan egindakoa, "batean zein bestean ziegak desberdinak izango balira bezala". Hortaz, ez dituzte kontuan izan Frantziako Estatuan giltzapean bete zituen urteak, eta Espainiako Estatuan 30 urte osorik egin behar izatea lortu dute hala.