Kelvion Thermal Solutions enpresako zuzendaritzak atzo, hilak 11, adierazi zion enpresako batzordeari Igorreko (Bizkaia) lantegia ixteko asmoa duela, baita kaleratze kolektiboa gauzatzeko enplegu erregulazio espediente bat aurkeztekoa ere. Horrekin, plantilla osoa kanporatuko luke: 73 langile. Espainiako Estatuan dituen beste bi lantokitan (Madrilen eta Kantabrian) ere kaleratzeak egiteko asmoa du zuzendaritzak eta, modu horretan, 147 kaleratze izan daitezke orotara.
Horren aurrean, Kelvion Thermal Solutions enpresaren jarrera salatu eta lanpostu guztien defentsa egingo dutela adierazi dute langileek.
2015. urtera arte, GEA modura zen ezaguna Kelvion Thermal Solutions enpresa. Alemaniako konpainia bat da, eta bero trukagailuak ekoizten dituzte langileek.