Hiru langile kaleratu dituzte Agoitzeko Siemens Gamesan, eritasuneko baja hartzeagatik

Atzo mobilizazioa egin zuten Agoitzeko Siemens Gamesa lantegiko beharginek. Eritasuneko baja hartu duten hiru langileren kaleratzea salatu zuten, eta baita enpresak ezarritako lanerako erritmo "izugarriak" ere. "Denborak murriztu nahi dituzte baina ez dituzte baliabide teknikoak bermatzen, eta min hartzen dugunean, kaleratu egiten gaituzte", esan zuten.
Argazki Nagusia
Argazkia: Juanjo Basterra
2019ko maiatzaren 31a

Atzo, osteguna, mobilizazioa egin zuten Agoitzeko (Nafarroa) Siemens Gamesa enpresako hainbat beharginek. Siemens Gamesa juega con nuestra salud. Despidorik ez lemapean, eritasuneko baja hartu duten hiru langileren kaleratzea salatu dute.

Ahotsak jaso duenez, beharginek azaldu dute enpresak lanerako erritmo "izugarriak" ezartzen dizkiela: "Gero eta lanerako erritmo altuagoak ezartzen dizkigute, eta horrek eragin zuzena du gure osasunean". Erritmo izugarrien eraginaz gain, salatu dute enpresak ez dituela eritasuneko baimenak ogibidearekin lotutako gaixotasuntzat jotzen.

Horren aurrean, adierazi dute ezgai agiri horiek lan-baldintzekin eta lan-kargekin lotuta daudela zuzenean. "Denborak murriztu nahi dituzte baina ez dituzte baliabide teknikoak bermatzen, eta min hartzen dugunean, kaleratu egiten gaituzte", gehitu dute.

Lantegiko batzordeak iragarri duenez, "egoerari mugak jartzen ez badizkiote", mobilizazio gehiago egingo dituzte.