AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Basaurin abuztuan egindako elkarretaratzea. Argazkia: Geuria
2019/09/30 19:40

Azken egunetan gutxienez lau emakume erasotu dituzte Euskal Herrian; Bilbon (Bizkaia), Basaurin (Bizkaia) eta Gasteizen (Araba). Batetik, bi gizonezkok ukituak egin zizkioten emakume bati igande goizaldean, Bilboko Uribarri auzoko Matika kalean. Uribarri auzoko jaien amaieran jazo zen erasoa, eta emakumea eritetxean artatu behar izan zuten. Erasotuak salaketa jarri ostean, udaltzainek bi erasotzaileak atzeman zituzten eta Ertzaintzaren eskuetan utzi. Polizia-etxean egon ziren atxilotuak, atzo arratsaldean epailearen aurretik pasatu ziren arte; aske utzi zituen hark. Egunero joan beharko dute epaitegira sinatzera.

Bestetik, hiri berean baina hurrengo egunean, emakume bati sexu erasoa egin dio gizonezko batek, diskoteka batean. Erasotuak polizia-auto batengana jo du 04:50ean, eta jazotakoa azaldu die. Hala, diskotekara sartu eta erasotzailea atxilotu du Ertzaintzak. 29 urte ditu. Gaur arratsaldean utzi dute epailearen esku.

Jipoia eta hilketa ahalegina Basaurin

Bestetik, gaur emakume baten aurkako beste eraso larri bat gertatu da Basaurin. Goizaldean, 30 urteko gizonezko batek emakume bat jipoitu du ukabilkadak emanaz, mehatxu eta irain artean. Basozelai auzoko etxebizitza batean gertatu da erasoa. Kalerantz ematen duen leiho batetik alde egiten saiatu da emakumea, baina lepotik heldu du gizonezkoak, eta hura itotzen saiatu da.

Erailketa ekiditea lortu du emakumeak, eraikinaren kanpoaldeko segurtasun barra batzuetatik kaleraino zintzilikatuz. Bertan, bizilagunek babestu dute ertzainei deitzen zieten bitartean, eta ondoren, eritetxera eraman dute. Ertzaintzak gizonezkoa atxilotu du.

Mehatxuak eta jazarpena Gasteizen

Bestalde, 21 urteko gizonezko batek mehatxu egin zion bere bikotekide ohiari Gasteizen (Araba); emakumearen etxebizitzara sartzen ere saiatu zen, leiho batetik. Ostiral arratsaldeko lehen orduan izan zen gertakaria; telefonoz liskar bat eduki ondoren, mehatxu egin eta emakumearen etxeraino bertaratu zen. Leihotik sartzen saiatzeaz gain, emakumeak etxeko atarian gordeta zeukan bizikleta lapurtu zuen. Erasotzailea atxilotu zuen poliziak, arratsaldean bertan.

Donostian beste sexu eraso bat

Horretaz gain, emakume batek Donostian (Gipuzkoa) sexu eraso bat jasan zuela ere aditzera eman dute iturri ofizialek. Irailaren 19an gertatu zen erasoa eta gaur atxilotu dute erasotzailea, erasotuak salaketa jarri ostean. Ez dute datu gehiago jakinarazi.