Atzo, urriak 20, mitin politikoa egin zuten VOX alderdiko kide eta jarraitzaileek Bilboko (Bizkaia) Euskalduna jauregian. Hala, ehunka pertsona bildu ziren Euskalduna aurrean, "elkarretaratze antifaxista" egiteko. Ertzaintza bertaratu zen, eta protestan ari zirenen aurrean kokatu ziren. Ortega Smith alderdiko idazkari nagusia eraikinetik irten zen une batean, eta elkarretaratzean zeudenengana hurbildu zen. Ertzainen dispositiboaren buruarengana jo zuen gero; hala, adierazi zion elkarretaratzeak VOXen jarraitzaileei "pasatzea eragozten" ziela.
Kargak eta atxilotuak
Aurrerago, protesta antifaxista egiten ari zirenen aurka oldartu zen Ertzaintza. Kargak izan ziren, eta horren ostean, besteak beste, Bilboko zenbait bide itxi zituzten elkarretaratzean bildutako hainbat pertsonak, edukiontziak gurutzatuz. Gutxienez 18 pertsona atxiki zituzten poliziek (hainbat iturrik baieztatu dute 22 izan zirela). Adingabeak ziren haietako sei, eta bart utzi zituzten aske. Gainontzeko hamabi atxilotuak ere askatu dituzte dagoeneko, baina epailearen aurrean agertu beharko dute aurki.
AAEAM-ren adierazpenak
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak "bere gaitzespen irmoa adierazi" du, mitinaren aurka "protesta egiteagatik zipaioek Bilbon antifaxisten aurka aurrera eramandako biolentziaren eta atxiloketen" aurrean. "Manifestarien duintasunezko jarrera txalotu" dute, eta "atxilotuei zein gainontzeko kaltetuei, elkartasuna eta babes osoa" adierazi dizkiete.
"Faxismoa ez da aukera politiko bat, kapitalismoak hartzen duen itxuretako bat baizik", azaldu dute. Faxistek "herriaren kontrako biolentzia estrukturala zein biolentzia zuzena defendatzen dituzte", gehitu dute: "Eta gainera, badakite Estatu espainolaren eta frantsesaren babes eta zigorgabetasun osoa daukatela". Ertzaintzari dagokionez, azpimarratu dute "hamarkadak daramatzatela antifaxistak jipoitzen, torturatzen eta erailtzen", baita "PNVren armada politikoa" direla ere. "Urkullu eta Abascal ez dira hain desberdinak, izan ere, klase interes berberak defendatzen dituzte, hori bai, maskara ezberdinez", diote.