Bizkaiko Domino's Pizzako beharginek ekaina hasieran ekin zioten grebari, "lan baldintza duinak" aldarrikatzeko; tartean, soldaten igoera. Hasiera batean, lau eguneko greba deialdia egin zuen ELA sindikatuak. Dena den, lanuztean parte hartzeagatik, gutxienez bi langile kaleratu zituen enpresak, eta kaleratzeei erantzun irmoa eman zieten beharginek: sei greba egun gehiago deitu zituzten. Hala, ekainean, hamar egunez izan ziren greban.
Borrokak ez du etenik
Uztailean murgildu gara, eta Bizkaiko Domino's Pizzako langileen borrokak ez du etenik. Orain, kaleratutako beharginak berriz hartzea eskatzeaz gain, lan baldintzen inguruko aldarrikapenak egiten jarraitzen dute, eta estatu mailako hitzarmena hobetzeko eskaerari heldu diote. Izan ere, besteak beste, salatu dute ez dutela lan egutegirik, "gehiegikeriak" jasaten dituztela kontratu partzialen eta ordu osagarrien bidez, "segurtasun-neurriak" ez dituztela bermatuta, edota "neurrigabeko soldata-akordioak" ezartzen dizkietela.
ELA sindikatuak azpimarratu du sektore horretan soldatak "apenas iristen direla lanbide arteko gutxieneko soldatara -900 euro- eta kontratu gehienak partzialak direla". Beraz, greban jarraitzen dute enpresako beharginek.