AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/01/26 14:43

Etxebizitza Sindikatuak aurretik jakinarazi zuenez, Gasteizen (Araba) gaurko zegoen finkatuta Los Herran kaleko etxebizitza birjabetuaren hustea. Polizia-indarrak 09:00ak aldera bertaratu dira eraikin ingurura, eta Etxebizitza Sindikatuaren deiari erantzunez protesta egiteko hurbildu den jendea identifikatu dute udaltzainek. Eraikinaren barruan hainbat lagun zeuden ordurako, erresistentzia egiteko prest.

Los Herran kaleko 15. zenbakiaren inguruan bildu den jendearen aurka egin dute poliziek, eta kargak izan dira. Dena den, eraikin birjabetuaren aurrean kokatzea lortu dute hainbat pertsonak; handik gutxira, indarrez bota dituzte handik ertzainek eta udaltzainek.

11:00etarako zegoen ezarrita etxegabetzea, eta polizia-indarren babesean heldu da sarrailagilea, bai eta jarraipen judizialerako arduradunak ere. Atearen beheko aldean zulo bat eginda lortu dute eraikin birjabetura sartzea, kanpoldean hainbat eta hainbat pertsonak protesta egiten jarraitzen zuten bitartean.

INDARKERIA ETXE BARRUAN ERE

Eraikin barruan hainbat objektu zeuden jarrita oztopo modura, eta horiek kentzeari ekin diote polizia-indarrek, barruan zeuden lagunen oihu artean. Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, atarira sartzea lortu duten unetik erabili dute "izugarrizko biolentzia" polizia-agenteek: "Jendea itotzen ari dira belaunak eta borrak erabiliz", azaldu dute unean bertan.

Pixkanaka, eraikin barruan zeuden kideak atera dituzte "bortizki". Etxebizitzak hustu dituzte gero, han bizi diren familiak identifikatuz eta kaleratuz. Bi bizilagun eraman dituzte Atzerritartasun Bulegora, gainera. 14:00ak aldera etxegabetu dute azkeneko familia.

HIRU ATXILOTU ETA LAU ZAURITU

Bitartean, polizien karga gehiago izan dira kanpoaldean, eta hiru kide atxilotu dituzte. Kargetan zaurituak, ordea, lau dira gutxienez, eta ospitalera eraman dituzte, Etxebizitza Sindikatuaren esanetan.

Etxegabetzea amaitu denean, Emergentziazko Gizarte Zerbitzuen egoitzaren aurrera joan dira hainbat eta hainbat lagun, protestarekin jarraitzeko. "Alternatiba bat" aldarrikatu dute kale gorrian geratu diren hamabost pertsonetzat.

ELKARRETARATZEA, 20:00ETAN

Etxebizitza Sindikatuak mobilizazioekin jarraituko du iluntzean. Udaletxearen aurrean elkarretaratzera deitu dute gaurko; hain zuzen, 20:00etan udaletxe aurrean. ¡Solución ya! lelopean egin dute detaldia.

Jarraipena osorik ikusteko, irakurri Etxebizitza Sindikatuak Twitterren egindako haria, hemen

EZ DAGO IRUZKINIK