AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Galdakaoko Gaztetxearen aldeko manifestazioa. Argazkia: Galdakaoko Gazte Asanblada
2019/11/15 13:11

Iragan maiatzean desalojatu zuten Galdakaoko Gaztetxea, eta horren harira, Galdakaoko Gazte Asanbladako hiru kide epaituko dituzte datorren asteazkenean, hilak 20. Berez ekainaren 20an deklaratzera deitu zituzten, Bilbon, baina bertan behera geratu zen saioa. Izan ere, gaztetxe modura birjabetutako eraikinaren jabe juridikoak 4.000 euroan balioetsi zituen gaztetxearen aldeko borrokak eragindako gastuak. Beraz, alegazio hori jasotzean, "usurpazio delitua" ez ezik, "kalte delitua" ere izan ote zen ikertzea ebatzi zuen epaileak, eta atzeratu egin zuen saioa.

Galdakaoko Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, ikasturte hasieran heldu zitzaien hiru kideei epaiketaren data berriaren jakinarazpena. Akusatuez gain, beste kide bat bertaratu beharko da saiora, lekuko gisa. Bilboko Buenos Aires kaleko auzitegian izango da, 09:00etan.

Borroka luzea

Asanbladako kideek maiatzaren 4an jakinarazi zuten espazio berri bat birjabetu zutela, prentsaurreko bidez. Hain zuzen, Jubilatuen Etxe zaharrean kokatu zuten gaztetxe berria martxan jartzeko espazioa.

Hala ere, errepresioak ez zuen gehiegi itxaron; handik hiru egunera bertaratu zen Ertzaintza, gaztetxea desalojatzeko. Hainbat lagun bildu ziren bertan, Gazte Asanbladak sare sozialetatik egindako deialdiari erantzunez, baina aurrera egin zuen gaztetxearen husteak. Sei kide identifikatu zituen Poliziak.

Hainbat mobilizazio antolatu zituzten asanbladako kideek, gaztetxearen desalojoa eta errepresioa salatzeko. Hala, "gaztetxea defendatzearen ondorio argiak" seinalatu zituzten: azaldu zuten hiru eguneko jazarpen poliziala jasan behar izan zutela, hainbat kide identifikatu eta auzipetu zituztela, eta Mozal Legea ezarri zietela.

EZ DAGO IRUZKINIK