AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Iturria: Kazeta
2020/03/26 11:26

Covid-19 birusaren hedapenak eragindako egoera dela-eta, birusak kutsatzeko arrisku gehien izan dezaketen hainbat preso askatzea aurreikusi du Frantziako Gobernuak, Berria-k jakinarazi duenez. Hain zuzen, Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroak agindu du zigorra bukatzear dauden presoak eta gaixorik daudenak askatzeko; Bake Bidearen arabera, baina, neurri horretatik kanpo utzi dituzte terrorismoaren kontrako legediaren bidez zigortutakoak, tartean, euskal preso politikoak.

37 dira orotara Frantziako Estatuko kartzeletan giltzapeturik dauden euskal preso politikoak, zortzi emakumezko eta 29 gizonezko. Horien artean, bost dira 65 urte baino gehiago dituztenak: Jakes Esnal, Jon Gurutz Maiza, Josu Urrutikoetxea, Jon Parot eta Frederic Haranburu. Gainera, patologiak dituzte Artolak, Haranburuk eta Urrutikoetxeak. Antzeko kasuan da Ibon Fernandez Iradi presoa ere, esklerosi anizkoitzak jota.

Esnalen askatasuna datorren apirilaren 9an eztabaidatzekoa bada ere, orain arte askatasun eskaerak egin izan dituzte Lorentxa Beyriek, Frederic Haranburuk eta Ibon Fernandez Iradik ere, beti ezezkoan amaitu direnak.